Kale Kantoitik

Prezipitazioaz

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2017ko urtarrilaren 12a

Ixilik dago herria, geldi. Aspaldiko partez matxinatu egin dira hodeiak, eta leiho barrenetik begiratzen ditugu guk. Euria ari du, eta kristaleko tanten ibilbidea behatzekin ari gara jarraitzen. Ez ote gara ba, tanta lasterketekin mila aldiz hipnotizatu, autoan gindoazela euria hasi bakoitzean...

Hortxe, hain txiki, eta hain indartsu. Hainbesteko eragina gugan. Prezipitazioa. Horretan, badaukagu euriarekin antzekotasunik. Gu ere, prezipitatu egiten garelako maiz, eta horrela eragiten, ingurukoengan. Bi aldiz ez pentsatzeagatik, lotsagatik... gure asmoez beste egiten dugu.

Baina euriaren arazoa beste bat da: aterkiak, goizegi irekitzen ditugula. Eguzkia ateratzeko desiatzen egon eta berau estaltzeko eskuez begiak tapatzen ditugunean lez. Hain berezko, hain natural eta hain inprobisatu beharko lukeenari oztopoak jartzen ari ez gara ba... Bob Marleyek hala azaltzen zuen: batzuk euria sentitu egiten dute; beste batzuk, busti besterik ez dira egiten. Eta garrantzitsua da: euririk ez badago, lorerik ere ez. Erortzen ez bagara, ikasi ere ez.

Baina egunero aterkia soinean daramanak ez du sekula inprobisatzen ikasiko. Eta arazoa haratago doa: gainontzekoei ere ez die utziko. Elkarbanatzea ondo dago, baina ez aterpea inposatzea.

Adibide batekin nator: euskaltegian ari da ikasten nire aita. Eta askotan pentsatu izan dut, ez ote diodan mesede baino kalte gehiago egiten, aterkia euriarekin kontaktu txikiena izan baino lehen zabaltzean. Azalpenak eman baino, akatsak zuzenduz. Eta akatsak egitean, irribarre gaiztoekin begiratuz. Ohitura faltaren babesean gaztelanian aterpe hartzera bultzatzen dut, euritan busti eta akatsetatik ikasi ordez.

Aita, harro nago egiten duzun esfortzuaz, eta euriak erakusteko asko daukan moduan, nik ere erakutsiko dizudala zin dagizut. Aterkia kenduko dizut, akatsei beldurrik ez izan, eta indartsu, olio tanta bilakatuta, ekaitzarekin inoiz nahastu ez zaitezen. Busti zaitezen.

Edo hobe. Aterkia alderantziz irekiko dizut, kabalgatetan karamelo ehizean doanaren antzera, inguruan daukaguna jaso eta esperientziaz ikas dezazun. Euriak ustekabean harrapatu zaitzala, inprobisatzeko beharra senti dezazun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!