Eta ez astronautek unibertsoa ezagutu dezaketelako, edo zenbat izar dauden kontatzeko ahalmena dutelako. Baizik eta guztia garbi ikusteko aukera daukatelako. Eta bizitzaren esentzia izarrengandik ikasi dutelako: izarrak ezegonkortasunetatik jaiotzen dira. Bi galaxien arteko talkengatik, sarri; eta ondorengo kolapso batengatik. Alegia: kaos bat. Beraz, lasai kolapsatu. Hau ez da zure desegitea, zure jaiotza baizik.
Orain, pentsatu une batez: unibertsoa zure begien pare, zerutik, bakarrik, isiltasunean. Batzuetan, horixe da behar duguna: ESPAZIOA. Literalki, eta ez hain literalki. Agian inkoherentea irudituko zaizu, baina bai, espazioak betetzen gaitu. Guretzako denbora behar dugu. Eta gure burua ezagutu. Eta maitatu. Ilargiraino eta bueltan. Armstrong-ek ilargia zapaldutakoan esanaren arabera, espazioan ez gara erraldoi sentituko. Inoiz baino txikiago baizik. Inoiz baino norbereago.
Hori bai, espazioan ez dago oxigenorik.. baina ohituta beharko genuke, arnasik gabe uzteko moduko momentuak bizitzeaz. Badakit, maiz, oso maiz, hori ahaztu eta ur baso batean itotzen garela. Baina arazo horiek guztiak, izarrak bezala, itzali egin behar ditugu. Supernoba baten gisan, lehertuarazi. OFF. Espazioak ere horixe irakatsi digulako: guztiak ez daukala azalpena. Guztiak ez daukala erantzuna. Ezta zentzua, edo logika ere. Eta horrekin bizitzen ikasi beharko genuke.
Berez, astronauta izateak, badauka “kontra” bat: akatsak ez dira aukeretan sartzen. Baina lasai “Houston”, hemen ez dago arazorik. Arrakastarako probabilitateak beti baitira zailak estimatzen; baina saiatzen ez denak, ez dauka garaipenik.
Ba.. horixe. Jaso dezagun astronauten lezioa, eta izan gaitezen, noizbehinka, beste planeta batekoak. Ez baitaukagu bizitza bat: bizitza bat gara. Aprobetxa dezagun, aprobetxa gaitezen.