Kale Kantoitik

Izaeraz Herren, Sentimenduz Kolokan

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2016ko azaroaren 24a

Haserre gaude askotan. Nekatuta, nazkatuta, triste. Izaeraz herren. Eta sentimenduz kolokan. Baina ez zaigu falta motiburik. Zeharkako minek ere, zauriak eragiten dizkigutelako.

Emakumeez ari naiz. 92 emakume erahil dituzte Espainiar estatuan, igorritako hau denok jaso bitartean kopurua igo ez bada, behintzat. Ia 100 emakume, ia 100 hutsune. Egia esan, datu eta estatistikak bilatzen hasi eta batek ere ez nau konbentzitu. Eta ez, ez da inondik inora seinale ona: azkarregi doaz zifrak.

Eta gertuegi datoz zifrak. Kasualitate zirenak kausalitate bilakatu eta monstruo beldurgarritzat genituenak uste baino bizilagunago ditugu eta. Ahalduntze prozesu etengabean ari gara emakumeak, eta mehatxuei erantzuteko berehala kalera ateratzen ikasi dugu; ados. Baina oraindik beldurra daukagu etxera bidean, eta espaloiez aldatzen jarraitzen dugu.

Eta oraindik ere, eraso bat gertatzen denero, herrenagoak gara bihurtzen. Izan ere, injustizia hauen aurrean neutral agertzen garen bakoitzean, errurik ez daukanaren kontra jartzen dugu gure pisua. Eta kolokan jartze honetaz, ez da inor libratzen.

Baina kentzen diguten espazio guztietan gure zirrikituak irekitzeko prest gaude. Amorrua elkarbanatzen dugulako. Eta gehiegikeriaz ari garela errepikatzen digutenero, krak handiago bat entzungo da.

Herrenak izaten jarraituko dugu, baina 5 hatz baditugu eskua atera eta erasotzaileari aurre egiteko. Ezetz, ezetz da. Nahikoa (eta gehiegi) erori ondoren bada ordua denok altueran jarrita ekilibrioaren bila altxatzeko. Izaera, mugimendu, adierazpen eta sentimendu morez.

Bihar, Biolentzia Matxistaren Aurkako Eguna dela eta adierazpen instituzional politak entzuteko eguna izango dugu. Ea eguerdiko teleberriak ez dizkigun indarrak zapuzten. “

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!