Zinematik etorri berria nintzen, non munstro batek, lezioa eman zigun: “Zure buruak gezur gupidatsuak sinetsiko ditu, atzeko egi mingarrien jakitun den arren. Zehazki horrek egiten ditu hain beharrezko. Baina aldi berean, errudun sentiaraziko zaitu, biak ezagutu izanagatik. Bizitza, konplikatua da.”
Konplikatua da, bai. Zalantzati sentitzen gara askotan, anbarrean dagoen semaforoa bezala. Krisi existentzialak dauzkagu. Agobio, estutasun, larritasun, kezka, urduritasunak. Nahi izatea ahal izatea dela esaten digute, eta nahastu egiten gara, hala gertatzen ez zaigun bakoitzean. Eta edozer dela eta eztabaidatzea da batzuon hobbiea.
Zoriontsu ote garen pentsatzen jartzen garenean, iraganeko momentuekin konparaketa egiten hasten gara. Nola ba, iraganean, etorkizunean iritsiko ziren momentuez pentsatzen ari baginen? Buruari bueltak ematen hasten gara, horrela, arazoak zorabiatu eta izurratzeari utziko baliote bezala. Ez aurrera ez atzera, itopuntuan. Geldi. Inora iritsiko ez garela badakigun arren. Hobe dugula bidea hartu.
Eta bidea sinplea bada, hobe. Horixe pentsatu nuen zinemara bidean, neska bat lore sorta batekin ikusi nuenean, irribarrea ahoan kabitzen ez zitzaiola. Noski ezetz, ez dakit jaso, edo norbaiti emango zizkion. Eta bai, ados, zoriontasuna ez dute kanpo-faktoreek baldintzatzen, barnekoek baizik. Baina zein erraza den zoriontasuna, eta zeinen zaila jartzen diogun…benetan. Huskeriek, geure animoak gobernatu ditzaten uzten dugu.
Gaur goizean irakurri dut: eguneko ardura eta buruhausteen %8a bakarrik dira errealak. Gainontzekoak, denbora galtzea. Irtenbide erraza duten gauzak, edo oinarririk ez daukaten arazoak.
Bizitza konplikatua da, bai. Baina beste askotan, guk egiten dugu konplikatu. Irtenbideak gure esku dauzkagun arren, gu gara, gure buruari trabak jartzen lehenak. Hala iruditzen zait, behintzat, lokarriak askatu gabeko zapatilak presaz jartzen saiatzen ari naizen honetan.