Berrerabilpenaren sustatzaile harroak bagara ere, hau ez dugu hain altu esaten: berriz egin dugu estropozu, harri berberean. Promesak, tranpa dialektikoak.. eta gobernuak berrerabiltzen orain.
Erreta gaude. EGOak daudelako guztiaren gainetik. Eta batez ere, EKOaren gainetik. Baina zutik gaude. Ez. Ez ditut hondakinak erraustu nahi. Baina bai, bestelako errauskailuak:
Erasoak erraustu nahi ditut. Burundangak. Etxera bakarrik itzultzeko beldurrak. Txupinazoan norbaiten bizkarrean egon izanaren justifikazioak. Udako jaietan ulertuko ez diren ezezko guztiak. Errauskailua, bizitzen aurretik jartzen diren barrerentzat. Jendea itsasoa zeharkatzera bultzatzen duten arrazoientzat. Eta ez txapelketetan, ez telebistan, ezta elkarrizketetan ere tokirik uzten ez duten futbolak ere, erraustu nahi ditut.
Eta errauskailua, ere bai, gure osasunaren gainetik jarriko den dirutzarentzat. Kalterik egingo ez digula dioten baieztapen faltsuentzat. Zerutik erori zaizkien frogentzat, eta zeruratu nahi dituzten ke hodeientzat. Guy McPherson doktoreak luzatu zuen behin erronka: dirua ingurunea eta osasuna baino garrantzitsuagoak direla uste baduzu, saia zaitez arnasari eusten, txanpon guztiak kontatzen dituzun bitartean.
Horregatik guztiagatik gaude erreta, eta era berean, sutan. Bizitzarekiko jarrerak politika badira, politika ustelak erraustu nahi ditugu, eta alternatibak eraiki. Errautsek, harrotu ditzatela hautsak. Manex Izagirrek ondo azaldu du: plazetako politika nahi dugu. Baita Maialen Zubillagak ere: zer da Gipuzkoa, mugimendu sozialik gabe? Eta Oihana Iguaranek, ere bai: merezi duen eztabaida baten aurrean gaude orain.
Bigarren aukera bat (hala deitu ahal bazaio) izan dugu hauteskundeetan. Baina gainontzekoan, ez dugu halakorik izango. Orain da ordua. Ez du zentzurik erroa sakontzen uzteak.
Beraz, erraustu ditzagun ironiak, atzerapausoak, egoak, autokritika faltak. Piztu ditzagun mugimendu sozialak, plazetako politikak, koherentziak. Astindu ditzagun erroak. Xahutu dezagun energia ganorazko kontuetan. Iritsiko zaigu, berriz, harria. Baina erortzera goazenean, bultza gaitezen goruntz, eta berreskura dezagun ekilibrioa. Jendearen boterea, boterean dagoen jendea baino indartsuagoa delako.
Bizitza ez da huskeria. Bizitza da handiena. Zutik gaude.