«Maiz ahazten badugu ere, ez direlako joan»

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2016ko mai. 26a, 21:00

Honela dio Mikel Etxaburuk, Hodeiak Zapatetan liburuan: “Zer da baina, zaurietan gordetzen duzuna? Ez dira lurrak edo errautsak, ez dira balak edo lubakiak… Ihes egin aurreko azken begiak dira”

 Maiz ahazten badugu ere, ez direlako joan. Ihes egin dute. Gerratik ihes. Eta beraiek ihes egitean, bizitza puskek ere egin diete ihes. Haurtzaroak, hezkuntzak. Ametsek, ilusioek. Etorkizun ziurrak.

Eta ihes egin behar horregatik, lokaztuta ditu zapatak Halak. Eta berak bezala Nermeenek. Eta Rishdiak,  Alhiak, eta Abdelek. Aste honetan Idomenitik desalojatuko dituzten ia 4 mila haurrek bezalaxe. Eta, noski, helduek, beste hainbeste.  Iragana bihurtuko da Idomeni, baina ez iheslarien arazoa. Iritsiko baita, beste toki bat. Armadek kontrolaturiko kanpaleku itxiak, ziurrenik.  Europara iristeko aukera gehienak ere, ihes egin dietelako. Baina etxera itzultzeak, ikaratu egiten ditu.

Eta bai, beldurraren lokatza lehortuko zaie zapatetan. Baina ez. Ez dituzte kenduko.



Beno, barkatu; Halak bai..eta Rajoyri bidali dizkio. Ea zer jasotzen duen bueltan. Badaezpada zain geldituko da, bere urtebeteko anaia galtzerditan zaindu bitartean. Eta kanpalekuko gainontzeko umeak, aldamenean izango ditu, marrazkiak egiten. Baina Idomeniko umeek, ez dute zeruan izpidun eguzkitxorik marrazten. Ezta izarrik ere.

Hala ere badakigu, Grezian, izarretan sinesten dutela oraindik batzuk. Ama batek, itsasoa zeharkatzera zijoazela, beldurrik ez pasatzeko sekretua kontatu zien 5 seme-alabei: gogoratzeko, barkuak izarrekin lotuta daudela, eta ez direla uretara eroriko. Hala zin egin zien amak, eta halaxe kontatu ere bai, Idoia Ruiz tolosarrari.



Mediterraneoa turismorik egin gabe ezagutu baitute, familia honen moduan, beste askok ere bai. Eta kresalak ez du inoiz izango beraientzat, guretzat izan dezakeen eragin positibo hori.

Baina ez zeruan, ez itsasoan. Lurrean jarri behar ditugu guk begiak. Eta ulertu, zapatetan duten lokatz hori ez duela euriak eragin. Eta ez, euriak, garbitu ere ez dituela egingo. Eta ulertu beharra daukagu, ahazten baditugu.. laguntzen ez baditugu.. gerratik ihesean oinhutsik uzten ditugula.

“Harri bat ezarri uretan. Eta beste harri bat gero. Eta bizitza bat, eta bi, eta hogei amets gehiago.. Ezarri bat bestearen ondoren uretan, erreka zeharkatzeko. Etxerako bidean, ez dadin beste inor ito.” (M. Etxaburu)

Argazkiak: Save The Children / Berria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!