Txikitasun sentipen izugarri hori. Zehazki, hori, daukat gaur mintzagai. Eta ez da, zuetako batzuk dakizuen moduan, ni txikia naizelako. Izan ere, horretan datza kontuak: gainontzekoengan. Eta eurekiko oro, keinu txikien bitartez azaleratzean.
Etxeko atarira sartu, eta postontziak ikusi ditut. Londresen, XVII. mendeko euskaraz idatzitako gutunak aurkitu zituztela oroitu dut. Lapurditik Kanadara bidali zituzten, marinelei, etxera itzultzeko otoi eginez. Ez zituzten inoiz irakurri. Galdutako zenbat hitz. Galdutako zenbat sentipen… Behin etxera igota, zapatak kentzen ari nintzela, autobusetik korrika ikusi dudan gizonaz oroitu naiz. Autobus gidaria, ateak zabalik zain gelditu da iritsi arte. Hemen ere, ez da iritsi hitzik. Baina bai irribarreen bidetik, sentipenak. Dutxara sartu naiz, eta itsasoa etorri zait gogora. Eta errefuxiatuak. ZUZEU dendako kutxa eurentzako oihalez beterik ikusi nuen. Hemen bai. Zenbat babes hitz, eta zenbat sentipen.
Txikitasunaren eragin handiez pentsakor gelditu naiz. Maiz, gauza bat ahazten baitugu: txikitasunak, hazteko tartea ematen digula.
Baina noski, ezin gezurrik esan. Askotan entzun ditugu txikitasun dikotomikoaren konnotazio txarrak. Nahiz eta zuk, beste behin esango didazun, kolonia garestienak pote txikietan datozela. Nik, berriz ere berdina erantzungo dizut: pozoina ere, hala dator. Txikitasuna ez da inolaz ahulezia.
Keinu txikiak indartsuak dira. Irribarreak. Hitzak. Ahal ditugun ekintzak. Abiadura bizian gure gorputzean zehar zabaltzeko abilak. Harrotasunez gu puzteko ahaldunak. Hazteko esentzialak.
Txikitasuna, ez delako inoiz altuera kontua izan. Parez pare egonik ere, inori beheruntz ez begiratzean datza. Intentzio on guztiak hanka punttetan jarri eta gauzak inork baino hobeto ikusi eta ikustaraztean.
Jakin keinu txikiak, keinu txikiez ordaintzen direla noizbait. Edo agian ordaindu ez. Balio gehien duten keinu txikiak baitira garestienak: ordainezinak".