Honela dio Anjel Lertxundik bere Zu liburuan:
“Hobeto ezagutuko bagenitu gure isiltasunen mapak, bertako orografia gorabeheratsuan ez galtzeko..”
Konbentziturik diogu, badirela eztanda egiten duten isiltasunak. Baina benetako eztanda bestela ere iritsi zaigu: “asko maite zaitut”.
Esan berri digutena eta gu, aurrez aurre, ahuldade moralaren guda-zelaian. Begiak ixten ditugu eta benetan hori entzun ote dugun galdetzen diogu gure buruari. Urduritasunak dantzan jartzen dizkigu tripak, eta irribarre inozo-arraro-nahigabeko batekin, “nik ere ez” bat luzatzen dugu.
Aritz Galarragak Berrian dioen moduan, «asko maite zaitut» modu horretan esaten didatenean, «nik zu ere ez», ateratzen zait.
Kontua da, nik behintzat, esan dudala inoiz edo noiz ezetz, irribarre inozoaren azpian “baietz” dioten azpitituluekin. Eta ulertu behar zuenak, ondo ulertu du.
Hala ere, beti gabiltz kontraesanekin. Esan beharrekoari baino, egin beharrekoari ematen diogu garrantzia; baina esan gabe gelditzen direnak, jakin gabe geratzen direlako kexatzen gara.
Hauxe da kontua: maitasun erromantikoa ez dago modan. Beldurra diogu ñoñoak izateari.
Ez dira ez, adierazpenarentzat garai onenak. Baina Giza Sentimenduen Deklarazio Unibertsala idazteko adina ematen ari zaigu azkenaldian EITB. Hor azkena: Zuhaitz Gurrutxagaren “asko maite zaitut”. Omenaldi, besarkada, muxu, eta edonolako maitasun-keinuak. Eta noski, den-denak merezita dituzten protagonistak.
Bada, hala ere, arrotza egiten zaidan zerbait: kamera ezkutuak. Esker onak eman eta miresmena adierazteko atzera-bueltarik utziko ez digun muturreko egoera bat behar izate hori.. Adoretsu eta indartsuak ginelakoan nengoen..
Lasai, ez jarri urduri; hau ez da mehatxu bat. Izan ere, badakit, bihotza hibernatzen izaten dugula batzuk.
Beraz, psikologia inbertsoaren militante garen honetan, hartu dezagun zero azpitik elkar maitatzeko libertadea. Maitasun erromantikoaren lekuko izan gabe. Minus eta minus, beti izango da plus.
Orain, jarrai dezagun ilusioa arnasteko daukagun modu bat izango ez balitz bezala, afektuak bizirauteko esentzialak izango ez bagenitu bezala, Zuhaitz Gurrutxagarenak malko batzuk atera ez balizkigu bezala. Jarrai dezagun disimulatzen.