“Benga, eseri ia, hastera doa ta!”
Azken emanaldia hasteko minutu pare baten faltan, aretoa azkar batean nola betetzen den ari dira ikusten Poxpoloren taldekideak, lehenengo aldia balitz bezala. Azkenekoz, eserlekuetatik zapata handi horien itzalak bilatzen teloiaren azpikaldean. Gabonek eragindako emozioak badauka konpetentziarik: lehen aldi horretan lez irekitzear da gortina, beste behin. Baina azkenekoz.
Ikusle gazteenatik helduenerainoko adin tartea, barrez jositako bizitza oso batekoa da.
Txupetea ahotik ateratzen ez dutenak, biziak, bibotedunak, aulkian saltoka dabiltzanak, urduriak, sudur gorridunak, negartiak, burusoilak, irakurtzen ez dakitenak, gehiegi hitz egiten dutenak, azkeneko txaloa emateko zain geratzen direnak.. denak jarri dituzue kantan. Bai, den denak.
“Gogoratzen nola hasten genituen emanaldiak Mokolorekin?” dio Poxpolok. Eta brum! Bidai-txartel zuzena haurtzarora. Nork esango luke, irratiko irakasle izan nuenari buruz arituko nintzela ni, irratian. Zuk, Poxpolo, Eskolapioetako aldapa gogoz igotzeko motibuak ematen zenizkigun eskolako festa bakoitzean, Mokolo, Tximista eta Juanekin batera. Peluka laranjak utzi gintuen behin, baina guk, bion izena zuen kamiseta gorria janzten jarraitu genuen.
Oilo ipurdia datorkigu, txikitan ikusten genuen magia saio berbera berriz ere bizitzean. Berdina, baina ezberdina. Orain nostalgia ere azaleratzen baitu. Nabaritzen da gustora zaudetela, antzezpenaren azpitik ere irribarreak ikusten baitira. Begiak itxita abesten. Eta zeuen artean buruarekin “ezetz”, Poxpolok ez daukala erremediorik.
Azkeneko aldiz itxi da orain teloia, baina inoiz ez da hainbeste pisu izan oholtza gainean: zenbat jende, oroitzapen, emozio, eta ilusio. Irriz ere, har daitezke amaierak. Baina kasualidadez hasitakoa ezin da sekula kasualidadez amaitu. Pailazoek, ez baitute inoiz erretiroa hartzen. Sudur gorriaren soldata bitalizioak miresmenean datza, eta ume, gazte nahiz helduen irribarretan kontatzen da.
Eskerrik asko eszenatoki gaineko, azpiko, eta atzeko guztioi. Zuei zor dizkizuet nire algarak. Eta mesedez, ez daitezela izan pinturarekin nahastuko diren azken izerdi tantak.