"Oparitu ditzagun istorioak ez atomoak"

Erabiltzailearen aurpegia Irene Arin 2015ko aza. 26a, 21:00

Opariak egiteko garaia gertu den honetan, objektuez eta intentzioez hitz egin digu Irene Arinek, Kale kantoitik.

Iritsi da abisua. Badatoz. Zuhaitzei hostoak erortzen hasi zaizkiela aitzakia hartuta, eskailerak igota ikusi nuen gizon bat alde batetik besterainoko argi ilarak zintzilikatzen. Argi antizipatuak. Urtea amaitzear dagoela kontuan hartu ez dugunak eguberriek oharkabean harrapatu ez gaitzaten.

Postariak pisu bikoitza dauka egunotan. Jostailu formadun ilusioz beteriko katalogoz hasi da bizilagun guztion postontziak betetzen. Eguberrietan, ilusioa banatzea delako helburua.. ezta?

Baina sartzen al da ilusioa lurrin pote batean? Edota kamiseta berri baten hari artean? Eta aterki baten azpian? Agian batzuentzat bai. Baina… ez al liguke ilusio handiagoa egingo bereziki guretzat eginiko zerbaitek? Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak esaten zuen moduan, ontziratzearen kulturan murgilduta bizi gara. Alegia, gehiago baloratzen ditugu objektuak, intentzioak baino.

Hona, Herbeheretara, datorren astean iritsiko da San Nikolas. Abenduaren 5ean, zehazki. Baina helduen artean ez dira opari soilak banatuko: olerkiak ere oparitzen baitizkiote elkarri. Errimak jasoko dituenaren inguruko gertakari barregarri eta esanguratsuak izaten dira normalean mintzagai. Eta ez, ez da zertan Sarri edo Lete izan behar norbaitek gustuko izango duen olerki bat sortzeko. Kalitatea, ez da hain garrantzitsua. Intentzioa bai, berriz.

Eta ilusioa eragiteaz gain, ingurukoen ilusioa partekatzea lortzen bada, oraindik eta atseginagoa bilakatzen da oparia. Horregatik, gabon hauetan, hartu eta eman ilusioa. Oparitu zuk zeuk edo norbaitek, nolabait, nonbait, mimoz eta intentzioz eginiko zerbait. Ahaztu multinazionalez, eta jo jada ezagutzen dituzun zeure kaleko dendariengana. Hitz egin, galdetu, interesatu, eta ondoren kontatu. Horrelako detaile txikiek egiten dituztelako gauzak handi. Eta hauek, ez dute inoiz iraungitze-datarik izango, ezta itzultzeko eperik ere. Ez gara inoiz existentziarik gabe geldituko.

Izan gaitezen ingurukoek atzetik daukaten istorioez kontziente. Galeanok, beste hau ere kontatu ohi zuen: zientifikoek, atomoz eginak gaudela diotela; baina berari behin txoritxo batek, istorioz osatuta gaudela kontatu ziola.

Beraz, bete ditzagun gure ingurukoak, benetan direnaz: istorioez, eta ez atomoz. Oparitu ditzagun istorioak, intentzioak, ilusioak. Ez atomoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!