[Aulkitik] Nahi baina ezin

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aldalur 2016ko azaroaren 3a

Nahiz eta Erandioko betiko nesken kontrako partidan berdinketa batekin amaitu, gogotsu hartu genuen Oiartzunen aurkako partida. Astean zehar izandako entrenamenduak ederki joan ziren, serio hartu baikenituen. 

Igande arratsaldean elkartu ginen Usabalen. Nabaria zen gutako bakoitzak zuen urduritasun puntu hori ordubete barru genuen norgehiagoka zela eta, beraz, kotxeak hartu eta Oiartzunerantz abiatu ginen. Oraingoan, tamalez, taldekide batzuk lesionaturik eta besteren bat kanpora joanda zenez, jubenilen taldeko Amaia, Eneritz eta Saioarekin jolasteko plazer hori ere izan genuen. Aldatu orduko, gure entrenatzailearen hitzak entzun eta gogoz irten ginen zelaira gure taldeak dakien onena ematera.

Esan beharra dago, partidaren emaitza ez zela guk nahi izan genuen bezalakoa izan. Lehenengo zatian, Oiartzunen erasoak kontrolpean izan genituen, ekipoa ondo antolatuta jarri genuenez oso zaila egin zitzaien gola sartzea. Baina, 45. minutuan gelditzea ezinezkoa izan zen korner batetik, bat eta hutseko emaitza lortu zuten. Bigarren zatian berriz, aldrebestu egin zen partida, beraiek indartsuago bihurtu eta gol gehiago sartu zizkiguten. 

Nahiz eta partida galdu, taldeaz harro itzuli ginen etxera, Oiartzuni partida zaila jarri eta Tolosa ez dela edozein talde erakutsi eta gero. Hurrengo asteko norgehiagoka oraindik eta gogotsuago hartuko dugu, eta ziur nago ligari izugarrizko bira emango diogula.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!