Larunbat gaua da. Musika ozen dago, taberna jendez beteta eta lagun talde bat dantzan ari da. Emakume bat barrara hurbildu da edari bat eskatzera. Bidean, norbaitek gerritik heldu dio pasatzen uzteko aitzakiarekin. Beste batek goitik behera begiratu dio. Hirugarren batek zerbait esan dio belarrira. Eta, beste behin, irribarre deseroso batekin alde egin du. Egoera hau ez da aparteko gaua, ez da salbuespena, eta hain zuzen ere, hor dago arazoa.
Emakume askorentzat parrandara ateratzea etengabeko kalkulu bat ere bada. Norekin hitz egin, norengandik aldendu, noiz esan ezetz eta nola esan, beste pertsona haserretu ez dadin. Edaria zaindu, komunera bakarrik ez joan eta etxera itzultzean norbaiti iritsi dela jakinaraztea edo norbaitek lagundu behar izatea. Askatasunaren izenean egiten diren planak, baina beldurraren arabera antolatzen direnak.
Txikitatik ikasten dugu emakumeok gure gorputza besteen begiradaren arabera neurtzen: gehiegi erakusten badugu, probokatzen ari gara; gutxiegi erakusten badugu, ez gara erakargarriak; irribarre egiten badugu, interesa dugu; irribarre egiten ez badugu, harroputzak gara. Badirudi emakume izatea etengabeko azterketa batean egotea dela, inoiz gainditzen ez den azterketa batean.
Eta pixkanaka, kanpoko begirada hori barneratu egiten da. Emakumeok geure burua besteen begietatik ikusten hasten gara. Adin batetik aurrera, galdera ez da bihurtzen soilik ea gure gorputzarekin gustora gauden, baizik eta ea besteentzat nahikoak garen. Nahikoa polita, nahikoa erakargarria edo nahikoa desiragarria. Hor dago objektu bihurtzearen ondoriorik isilenetako bat: norberaren balioa besteen desiraren arabera neurtzen hastea.
Baina desiragarria izatea ez da eskuragarri egotea.
Dantza egiteak ez du esan nahi inork ukitzeko eskubidea duenik. Soineko motz batek ez du gonbidapenik egiten. Irribarre batek ez du baimenik ematen. Eta norbaitekin hitz egiten hasteak ez du esan nahi elkarrizketa horrek beste zerbaitetan amaitu behar duenik. Hala ere, emakume askok ikasi dugu ezetz esatea ez dela beti nahikoa. Batzuetan, «bikotekidea dut» esan behar da,
«ez dut nahi» esatea baino eraginkorragoa delako. Badirudi emakume baten borondateak baino pisu handiagoa duela beste gizon baten presentziak.
Mikromatxismoak deitzen diegu eguneroko jokabide horietako askori: txantxa bat, komentario bat, begirada bat... Baina «mikro» aurrizkiak ez luke haien eragina txikitu behar. Jokabide horiek behin eta berriz errepikatzen direnean, emakumeen askatasuna baldintzatzen duen giroa sortzen dute. Beldurra ez da beti eraso handi baten ondoren agertzen. Batzuetan, esperientzia askoren metaketatik jaiotzen da.
«Emakumeon gorputzak ez dira erakusleihoak, ez dira baloratu beharreko produktuak, ezta inoren desirak asetzeko objektuak ere»
Feminismoak ez du soilik indarkeria agerikoen aurka borrokatzen. Egunerokoan onartzen diren jokabideak zalantzan jartzeko ere balio du. Zergatik sentitzen da emakume bat behartuta irribarre egitera deseroso dagoenean? Zergatik justifikatu behar du bere ezezkoa? Zergatik ikasten du bere burua babesten, beste batzuek haren mugak errespetatzen ikasi beharrean?
Emakumeon gorputzak ez dira erakusleihoak, ez dira baloratu beharreko produktuak, ezta inoren desirak asetzeko objektuak ere. Gorputz bakoitzaren atzean pertsona bat dago, bere borondatearekin, bere mugekin eta bere askatasunarekin.
Normaltasunak ez luke amets bat izan behar.