Taldearen indarra

Erabiltzailearen aurpegia Ion Izagirre 2015eko azaroaren 4a

EBA ligako bigarren denboraldi honetan taldeak erronka berriak gainditu behar izango ditu aurreko urteko maila eskaintzeko. Izan ere, bigarren denboraldia izaki, gainontzeko taldeek scouting lanaren bitartez jokalari guztiak banan banan aztertzen dituzte.

Baina badago scouting horiek inoiz txibatuko ez dieten gauza bat: taldeak bere osotasunean eman dezakeena hain zuzen ere, hau da, taldearen indarra.

Batzuetan taldearen indarrak partidak galtzera ere eramaten gaitu, eta horrela gertatu zen lehen jardunaldian. Denak geunden etxean Ardoiren aurka garaipena eskuratzeko irrikaz, baina zazpi urtez gure taldekidea izan den Lakuni egindako omenaldiak despistatu egin gintuen… taldearen indarra kasu honetan ere, ordu txikitan.

Behin ospakizunak pasata eta asten zehar lan txukuna eginda joan ginen Errioxara bigarren jardunaldian. Arratsalde pasa polita izan zen Logroñon egin genuena, partida irabazi eta ondoren bertako gastronomiaz gozatuz, bokata batzuk jan eta autobusera berriz ere. Kantxan talde kontzentratua izan ginen eta horrela etorri zen lehen garaipena. Taldearen indarra.

Etxean garaipena lortzeko momentua iritsi zitzaigun hirugarren jardunaldian. Aurkaria Burgos, eta beraien entrenatzaileak horrela definitu gintuen: “son, como les llamo yo, la fuerza de la manada”. Lehenengo garaipena eskuratu genuen eta taldeko jokalari guztiek lortu genuen gutxienez saskiratze bat egitea. Taldearen indarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!