Astebete betea eta borobila Intxurreko pilotarientzat

Joan den larunbatean hasi eta atzora bitartean lau final jokatu dituzte Intxurreko pilotariek, eta uzta ederra bildu dute. Harkaitz Murua nabarmendu da, hiru final jokatu eta hiru txapel jantzi dituelako. Horrez gain, GRAVNI jokatzeko hautatu dituen pilotarien aurkezpena egin zuen asteazkenean Gipuzkoako Pilota Federazioak, eta bertan ziren Intxurreko zortzi pilotari. 

Lesakan, martxoaren 1ean, eman zion hasiera Harkaitzek final sailari. Arkupe txapelketaren finalak jokatu ziren eta, Artetxe azpeitiarra lagun zuela, nagusitasunez (18-6) gailendu zitzaizkien Perez eta Berozi.

Handik sei egunetara, martxoaren 7an, Euskal Herriko Pilota Elkarteen arteko txapelketako nagusien mailako finalak jokatu ziren Bergaran. Harkaitz Murua eta Aratz Irazustabarrena (Intxurre) eta Olaetxea-Santiesteban (Irurtzun) bikoen artekoa izan zen lehen mailako finala. Gogorra, gorabeheratsua, landua eta emozio handio finala izan zen hau. Azkenean, 22 eta 20 gailendu ziren gure pilotariak.  Luxu handia da Harkaitzerentzat Aratzekin jokatzea, ofizio handiko atzelari aparta, besterik beste, aurten bertan, urtarrilean, Tolosako XI. Migel Soroa txapelketan jantzitako txapelak erakusten duen bezala.

Eta hurrengo egunean, atzo, martxoaren 8an, jokatu ziren XXIX. Zizur Nagusiko 4 t´erdiko finalak. Bigarren urteko jubenilen arteko finala jokatu zuen Harkaitzek, Unax Ramirez bizkaitarraren aurka. Aurreko eguneko trotea soinean, partida berdindu eta zailari egin behar izan zion aurre. Nekea eta Ramirezen jokoari aurre egiteko gai izan zen eta berak eraman zuen txapela 18 eta 15 irabazita.

Eguerdian izan zen hori. Arratsaldean jokatu ziren Mallabian paleta gomazko Euskal Herriko Irekiko finalak. Nagusien bigarren mailako finala jokatu zuten Intxurreko Anne Agirre eta Amaia Zubeltzuk. Iruñeako Oberena pilota elkarteko Casillas-Aztarkoz zituzten aurkari. Azken hauentzat izan ziren txapelak 14-30 irabazita. 

Eta sarreran genion bezala, ez dugu nabarmendu gabe utzi nahi Intxurreko zortzi pilotari hautatu dituela Gipuzkoako Pilota Federazioak federazioen arteko GRAVNI txapelketa jokatzeko, taldea egiten ari den lanaren erakusgarri da-eta. Hauk dira hautatuak: Aratz Irazustabarrena eta Harkaitz Murua eskuz, eta Nagore Murua, Uxue Olano, Anne Agirre, Ainhoa Ugartemendia, Lander Isasi eta Ibai Goitia palaz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!