Zizurren eta Udaberrikoan aurkia, Euskal Herriko Ligan infrentzua

Ostiralean, ezin izan zuten Harkaitz Muruak eta Mikel Iturriozek Euskal Herriko Ligako jubenil mailako txapela jantzi Laudion. Hurrengo eguerdian, ordea, Zizur Nagusiko txapelketakoa jantzi zuen Harkaitzek, lau t´erdian. Gauza bera egin zuten ordu bertsuan Lander Isasik eta Ibai Goitiak Udaberri Txapelketako gomazko paletako finala irabazita.

Bada leloa, lelokeriatzat har litekeena, finalak irabazteko direla dioena. Bada, irabazteko adina aukera izaten da galtzeko ere. Finalak jokatu egin behar dute! Hiru final jokatu zituzten Intxurreko pilotariek joan den asteburuan: bat galdu eta bi irabazi, hori izan zen emaitza. 

Galdu egin zuten ostiral arratsean Harkaitz Muruak eta Mikel Iturriozek Santxez eta Elortz zaratamarren aurka. Elortz atzelari zaratamarren hasiera ikaragarriak baldintzatu zuen partida: gustuko pilota behin eta berriz astindu zuen zazpiaren inguruan bote egin araziz, Mikel huts egitera behartu arte edo bere aurrelariari aukera sortu arte. 1 eta 12 hartu zuten abantaila eta, nahiz eta latz ahaleginduta jokoa berdintzea lortu, 16-22 galdu behar izan zuten Intxurrekoek. Horrelakoetan ez dago besterik egiterik: zoriondu aurkariak egindako lanagatik, eta hurrengora!

Larunbatean, 10:00etan hasi zuten Astigarragan jubenil mailako gomazko paletako Udaberri txapelketako finala Lander Isasik eta Ibai Goitiak. Oiartzungo Txost taldeko Davis-Martin bikoa zuten aurka. Laudion ez bezala, Intxurrekoak izan ziren abantaila handia hartu zutenak, 20 eta 5 irabazten jarri baitziren. Partidua gogotik estutu zen hortik aurrera, baina 25-19 irabazi eta irabazle garaikurra etxera ekartzea lortu zuten gure mutilek.

Eta Astigarragakoa amaitu orduko, 11:00etan, hasi zen Zizur Nagusiko 4 t´erdiko txapelketako jubenil mailako finala (hau ez genizuen iragarri). Azkar etorri zitzaion hurrengo hitzordua Harkaitz Muruari. LAPKE taldeko Izagirre zuen aurkaria. Aurreko eguneko ahaleginak giharretan utzitako nagiak garaiz usatu zituen Harkaitzek eta garaipen bikaina lortu zuen, 18 eta 6 irabazita. Hasiera izan zuen berdin antza partidak, 6-4, hortik aurrera oso aukera gutxi eman zion Harkaitzek aurkariari. Jubenil mailako txapela eta garaikurra, eta txapelketako Pilotari Onenaren garaikurra ekarri zituen etxera.

Datorren asteburuan Maialen Elola eta Gailur Elduaienen txanda izango da, Udaberri Txapelketako infantil mailako paletako finala izango baitute Altzan (Donostia), larunbatean 16:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!