Euskal Herriko Elkartearteko finala, Udaberrikoa eta GRABNI

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2024ko martxoaren 7a

Euskal Herriko Elkartearteko Pilota Txapelketako finalak eta Udaberri txapelketakoak jokatuko dira asteburu honetan eta Intxurrek izango du bere ordezkaritza: Harkaitz Muruak eta Mikel Iturriozek eskuzko gazte mailako finala jokatuko dute Euskal Herrikoan, eta Lander Isasik eta Ibai Goitiak gazte mailako gomazko paletako Udaberrikoan. Atzo, bestalde, GRABNI jokatzeko Gipuzkoako selekzioa aurkeztu zuen Pilota Federazioak, tartean Intxurreko sei pilotari.

Bihar, ostirala, 19:00tan hasita, Laudion (Araba) jokatuko dira eskuz binakako kadete, jubenil eta 22-azpikoen finalak. Lehen partidan, kadete mailakoan, duela bi urterarte Intxurren aritu zen Martin Elola altzotarrak jokatuko du. Bigarren partidan jokatuko dute Harkaitz Muruak eta Mikel Iturriozek gazte mailako finala. Zaratamagako Upo-Mendi taldeko Ramirez-Elortz bikoa izango dute aurkari; txapelketa ikusgarria egin dute bi bikoteek eta lehia gogorra izango da. Gureen buruetan nahi ditugu txapelak, eta badakigu gogotik saiatuko direla.

Etzi, larunbata, 10:00etan hasita, Astigarragan jokatuko dira gizonezkoen gomazko paletako Udaberri txapelketako finalak. Lander Isasi eta Ibai Goitiak jubenil mailako finala jokatuko dute Oiartzungo Txost taldeko Ian Davis-Ibai Martin bikoaren aurka. Ligaxkan, bi aldiz jokatu dute elkarren aurka eta bana irabazi dute. Finalean puskatuko da berdinketa. Ea gure aldera den!

Atzo, bestalde, GRABNI txapelketarako selekzioa (Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioen artean gazte mailaz goitik pilota modalitate guztietan jokatzen dena) aurkeztu zuen Gipuzkoako Pilota Federazioak Donostian. Intxurre Pilota Elkarteko 6 pilotari daude hautatuen artean: 22-azpikoetan gomazko paletaz Uxue Olano eta Nagore Murua; jubenil mailan eskuz Harkaitz Murua eta Mikel Iturrioz; eta jubenil mailan gomazko paletaz Ainhoa Ugartemendia eta Ibai Goitia. Pilotari dexente dira hautatuak izan direnak Intxurreren historian - joan den urtean bertan 22 urtez azpikoen gomazko paletako finala jokatu zuen Nagore Muruak- baina deigarria zein pozgarria da aurtengo hautatuen kopurua. Seinale ona!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!