XXI Gabonetako Pilota Topaketa: azken txanparen zain

Aurreikusi bezala bete dira XXI Gabonetako Pilota Topaketako lehen ekitaldiak. 76 pilotarik hartu dute parte eta larunbatean, abenduaren 30ean, goizeko 11:ooetan hasita burutuko da azken ekitaldia, Ikaztegietako Galtzalde pilotalekuan.

Atzo, asteazkena, arratsaldeko 15:30etan partaide guztiak elkartu ziren Alegiako Elorri pilotalekuan talde-argazkia ateratzeko. Ondoren, maila bakoitzeko partidak jokatzeko, bertan gelditu ziren txikienak, Altzoko pilotalekura joan ziren alebinak eta Amezketako Larrunarrira infantilak eta kadeteak. Gaur, osteguna, amaitu dira sailkapen partida guztiak.

Larunbatean goiz-eguerdian jokatuko da azken ekitaldia eta sailkapen partidetan lanik onena egin dutenak ariko dira bertan, esan bezala, Ikaztegietako Galtzalde pilotalekuan. Partida hauek jokatuko dira:

  1. partida, aurre-benjaminak: Jurgi Urretabizkaia (Amezketa) eta Martin Landa (Alegia) / Beñat Olano (Altzo) eta Mikel Zuriarrain (Amezketa)
  2.  partida, benjaminak: Enaitz Romero (Abaltzisketa) eta Nahikari Garcia (Alegia) / Mikel Balerdi (Amezketa) eta Aimar Zubizarreta (Abaltzisketa)
  3. partida, alebinak: Uhaitz Aranbarri (Ikaztegieta) eta Xabat Artola (Amezketa) / Amets Goñi (Amezketa) eta Aitor Arteaga (Baliarrain)
  4. partida, infantil-kadeteak: Ugaitz Mendia (Alegia) eta Egoi Garaikoetxea (Alegia) / Urtzi Telleria (Orendain) eta Oihan Fresneda (Amezketa)

Sari banaketa egingo da partidak amaitzean. Iñaki Artola pilotariaren eta antolakuntzako arduradunen eskutik jasoko dituzte sariak: lehen egunean ateratako talde-argazkiarekin egindako 2024ko egutegia eta bere izena daraman kamiseta emango zaie Topaketan parte hartu duten guztiei, eta, noski, dagozkien trofeoak azken eguneko jokalariei. Jaiari mokadutxo bat eginez emango zaio amaiera eta hogeita bigarrenaren zain geldituko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!