Txapelak burura

Tolosako Beotibarren jokatu diren Gipuzkoako Elkartearteko Txapelketako finaletako bitan zuen ordezkaritza Intxurre Pelota Elkarteak, eta bietan izan dira irabazle: Labaka eta Irazustabarrena lehen mailako nagusietan eta Murua eta Iturriotz lehen mailako jubeniletan. Lan bikaina eta txapelak burura.

Iragarri bezala Tolosa C.F.eko Unai Amiano-Unai Albeniz eta Intxurreko Eneko Labaka-Aratz Irazustabarrenaren arteko partidak eman dio hasiera pilota jaialdiari. Ez da aurrez pentsa zitekeen bezain estua izan partida. Oso ondo sartu dira Intxurrekoak eta berehala hartu dute sei tantoko aldea. Hortik aurrera bentaja mantendu ez ezik, pixkanaka-pixkanaka, handitzen joan dira atzelari alegitarraren sendotasunari eta aurrelari albizturtarraren tantoa bukatzeko bizkortasunari esker. Azkenean, 22 eta 11 Intxurrekoen alde. 

Jarraian sartu dira kantxan pilotari jubenilak: Oiarpe taldeko Manex Olaitz-Mikel Leonet eta Intxurreko Harkaitz Murua-Mikel Iturrioz. Hasiera desberdina izan du honek, hiru eta huts jarri baitira aurretik oiartzuarrak. Hiruna berdindu dute altzotarrek eta horrelaxe, orain batzuk tanto bat aurretik, orain besteak, bederatzina berdinduta iritxi dira hamarkadara. Hortik aurrera, Intxurreko bikotea gailendu da: Iturriozek sendo jarraitu du eta mota guztietako tantoak egin ditu Harkaitzek. Azkenean, 22 eta 10 Intxurrekoen alde.

Ohorezko mailako nagusien finalak eman dio amaiera jaialdiari. LAPKE taldeko Senar-Garmendia bikotea gailendu zaie Murua-Alberdi Soraluzekoei. Sari banaketak eman dio amaiera festari.

Bi final eta bietako txapelak burura. Bezperan, Lander Isastik eta Ibai Goitiak ez zuten lortu goma paletako finalerako txartela, galdu egin baitzuten (16-25) zumaiarren aurka; lehen urtea dute lehiaketa horretan eta pozik egoteko moduko txapelketa jokatu dute. Bada, ostiraleko pena koxkorra larunbateko poz bikoitzarekin goxatu dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!