Ligaxka saioan elkarren aurka jokatu zutenean atzo aurrez aurrez izan ziren bi bikoteak, sekulako astindua eman zieten Maite Tolosari-eta atzo aurkari izan zituztenek, 22 eta 4 irabazi baitzieten. Atzo baina beste egun bat zen. Partida mota hau jokatzen dakiena da Maite, presioa ondo jasaten du eta erabakigarria izaten da hori finaletan. Aurreko partidan ez bezala, gainera, hasieratik amezketarrak atzelari gisara joka zezala erabaki zuten, pisua postu horretan jokatzen duenak eramaten baitu, eta hau are garrantzitsuagoa izan zen. Ondorioz, emaitza ezin hobea: aurreikuspenak eta pronostikoak hautsi, 22 eta 10 irabazi eta Gipuzkoako Emakume Pilotari Txapelketako txapela burura.
Bigarren partidan ere, lehen mailakoan, antzekoa gertatu zen: Patri Espinar eta Nora Mendizabal izan ziren ligaxkako onenak eta, horregatik, aldeko zituzten aurreikispenak. Baina finalean ezin izan zieten gaina hartu Arrieta eta Maddi Mendizabali. Arrieta du Maite Tolosak bikote jokatzen ari den Master Cup txapelketa entzutetsuan. Bihar, igandea, ekingo diote lehiari Deban. Jarrai dezala boladak!