Amaiera bikaina XVIII. Gabonetako Pilota Topaketari

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2019ko abe. 30a, 21:23
Iragarri bezala gaur arratsaldean jokatu dira Ikaztegietan XVIII. Gabonetako Pilota Topaketako azken partidak. Sei partida izan dira, zein baino zein politagoak, eta merkurioa behetik bazebilen ere, giro beroa izan dugu pilotalekuan. Partida guztiak jokatuta, Iñaki Artola eta Beñat Urretabizkaia pilotarien eskuetatik jaso dituzte sariak eta oroigarriak parte hartzaile guztiek.
Arratsaldeko hiru eta erdietarako hasi dira hurbiltzen pilotariak Ikaztegietako frontoira. Iritxi hala banatu zaizkie jokalariei beren kamisetak, urdin edo gorri, bizkarrean beren abizena zutela. Eta hala, lauetan puntu-puntuan eman zaie hasiera partidei. Sei ziren jokatzekoak, mailaz maila, 12 tantotara guztiak, eta halaxe jokatu dira. Emaitzak ikusita zenbaitetan bestelakorik pentsa badaiteke ere, guztiak izan dira lehiatuak eta ondo jokatuak. Eskualdeak pilotari asko eta onak eman ditu, baina badatoz berriak! Hona emaitzak:

Txikiak: Uhaitz Aranbarri (Ikaztegieta) eta Aitor Arteaga (Baliarrain), 12 ; Xuban Altuna (Alegia) eta Anartz Estebez (Alegia), 6
Benjaminak: Kizkitza Arza (Ikaztegieta) eta Oihan Gorostidi (Amezketa), 12 ; Gailur Elduaien (Altzo) eta Enaitz Galartza (Amezketa), 11
Alebinak: Ibai Goitia (Altzo) eta Martin Elola (Altzo), 12 ; Aitor Karrera (Amezketa) eta Ametz Gorostidi (Amezketa), 6
Infantilak: Egoi Agirrezabala (Alegia) eta Harkaitz Murua (Altzo), 12 ; Andoni Iturrioz (Amezketa) eta Ander Ruiz (Amezketa), 3
Kadeteak-mutilak: Egoi Irazustabarrena (Alegia) eta Beñat Gorostidi (Abaltzisketa), 12 ; Enaitz Artola (Alegia) eta Eneko Gorostidi (Abaltzisketa), 10
Kadeteak-neskak: Anne Agirre (Alegia) eta Ainhoa Ugartemendia (Altzo), 12 ; Araitz Astrain (Altzo) eta Aisha Etxeberria (Amezketa), 10

Partidak amaituta sari banaketa egin da. Banan banan eman dizkiete Iñaki Artolak eta Beñat Urretabizkaiak finalista guztiei, zegokien garaikurra, "Gurea pilota" kamiseta eta lehen egunean pilotari guztiak bildu eta ateratako argazkiarekin egindako egutegia, eta kamiseta eta egutegia gainerako pilotari parte-hartzaile guztiei. Festari behar bezalako amaiera emateko, gero, Amezketako gurasoek prestatutako ogitartekoak eta freskagarrriak eskaini zaizkie pilotari guztiei. 

Halaxe agurtu dugu aurtengo Topaketa, gustatzen zaigun gauzetako bat eginez, batzuk pilotan eta besteak begira. Urteak ere ez du urruti amaia. Ondo igaro eta urte berri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!