Gaur hasiko da Gabonetako XVI. Pilota Topaketa

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2017ko abenduaren 27a

Argazki honen antzekoa aterako dugu gaur, abenduaren 27an, 15:30etan, Alegiako frontoian. Hor elkartuko dira aurtengoan parte hartuko duten 91 pilotariak. Argazkia atera ondoren, bertan geratuko dira txikienak, eta Altzora joango dira alebinak, Amezketara infantilak eta Ikaztegietara kadeteak ligaxkako partida sorta jokatzera. Abenduaren 30ean jokatuko dira finalak, Altzon, bertako frontoiaren 50 urtebetetzea ospatuz.

Eskuz, pilota goxoekin jokatzen da maila guztietan. eta 16. urtea da jarraian egiten dela pilota topaketa hau. Alegia, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Bedaio, Orendain, Abaltzisketa eta Ikaztegietako 6-16 urte bitarteko mutil eta neskak hartzen dute parte. Aurten, 91 izango dira.

Hiru egunetan jokatuko dira partidak: abenduaren 27an, gaur, ligaxka partidak, bihar finalaurrekoak eta 30ean finalak.

Ligaxka eta finalaurrekoak herri hauetan jokatuko dira: benjamin-aurrekoak eta benjaminak, Alegian; alebinak, Altzon; infantilak Amezketan (Altuna anaiak frontoian); eta kadeteak, Ikaztegietan. Partida hauek guztiak arratsaldean, 16:00etan hasiko dira.

Finalak Altzon jokatuko dira larunbatean, abenduaren 30ean, goizeko 10:30etan hasita. Hamasei urte hauetan, lehenengo aldia izango da finalak Altzo Muinoko frontoian jokatzen direna. Badu bere arrazoia: aurtengo abenduaren 30ean bertan beteko dira 50 urte frontoi hau inauguratu zela, eta hori ospatu nahi izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!