Emakume Pilotari Txapelketako finalak, larunbatean, Tolosan

Larunbatean jokatuko dira, 17:30etan hasita, Emakume Pilotari Txapelketako finalak Tolosako Beotibarren, eta Intxurreko pilotariek bi finaletan hartu dute tokia: Ainhoa Ontsalo alegiarrak jokatuko du bigarren mailako finalean, eta Mari Murua altzotarrak lehen mailakoan.

Bigarren mailako finala jokatuko da lehenik. Partida honetan, Etxegia-Lopetegi eta Ontsalo-Lasarte izango ditugu aurrez aurre. Ligaxkan jokatutako partidari kasu egiten badiogu, estua izatea litzateke normalena. 25-22 irabazi zuten orduko hartan alegiarrak eta leitzarrak, Ontsalo eta Lasartek. Bikote honek finalaurrekoan eman zuen maila ematen badu, oso-oso gertu izan dezake txapela.

Gauza bera esan behar da lehen partidari buruz ere. Hemen, Irazustabarrena hernaniarrak eta Murua altzotarrak, Garmendia alegiarra eta Arrillaga aginarra izango dituzte aurrean. Ligaxkako partidan, lehenengoak izan ziren garaile 25 eta 23ko emaitzarekin. Beraz, partida estua izatea espero da hau ere. Oso bikote orekatuak osatu dituzte. Atzeko koadroetan egon daiteke gakoa: Muruak eusten badio Arrillagaren joari, Irazustabarrenaren kalitateak erabaki dezake. Partidarik galdu gabe amaitu dute hauek ligaxka, baina finalaurretan izugarrizko maila eman zuten Garmendia eta Arrillagak. Oso irekia dago.

Frontoi honetan jokatu ziren iaz ere txapelketa honetako finalak. Maila handiko partidak izan ziren, ikusle asko bildu zuten, eta pilota giro oso ona bizitu genuen. Ea errepikatzen den eta txapelaren bat ekartzen dugun. Beren onena eman dezatela guztiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!