Zizurkil-Altzo, zein azken-laurdenetara

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2017ko maiatzaren 25a

Bihar 19:00 Zizurkilgo pilotalekuan dute hitzordua Altzo eta Zizurkilgo pilotari eta pilotazaleek, eta gustuko duten guztiek, orduan erabakiko baita bi herri horietatik zeinek egingo duen azken laurdenetarako urratsa, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan. Pilotarien jokoak jarriko du hitza, eta pilotek eta harriak doinua.

Joan den larunbatean lortutako aldeko emaitzen laguntza izango dute altzotarrek, hirutik bi partida irabaztea lortu zuten-eta. Bi taldeek joaneko bikote berak plazaratuko dituzte -Zubeldia-Olano vs Lasa-Etxeberria kadetetan, Zubeldia-Aizpitarte vs Alberdi-Arrate jubeniletan, eta Murua-Mujika vs Labaka-Arregi nagusitan- eta, joaneko partidetan ikusitakoak ikusirik, kanporaketa lehiatua eta estua iragartzen da.

Altzotarrena da abantaila oraingoz, ordea, eta hori berrestera sartuko dira pilotalekuan. Zizurkildarrek, berriz, etxean aritzearen abantaila izango dute, frontoia eta zaleak. Esperientzia gutxi dute altzotarrek Herriartekoan, bigarren parte-hartzea dute aurtengoa, eta izugarria litzateke azken-laurdenetara sailkatzea. Laguntza handia litzateke altzotarren babesa eta, nola ez, guztiak gonbidatuta daude biharko hitzordura. Gogoratu: Zizurkilen, 19:00etan. Merezi du!

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!