Altzo 2, Zizurkil 1, baina kanporaketa airean

Altzoko taldea 2 eta 1 gailendu zaio Zizurkilgoari, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako kanporaketako lehen jardunaldian, gaur goizean Altzo Muinoko frontoian. Emozio handiko partidak ikusi dira, eta halaxe geratu da kanporaketa, airean.

Ohi bezala, kadete mailako partidarekin eman zaio hasiera ekitaldiari. Zubeldia eta Olano altzotarrek 22 eta 17 irabazi diete Lasa eta Etxeberria zizurkildarrei. Altzo Muinoko frontoira bildu den ikusle mordoxkak, hemen zen Jon Erasun ere herritarrak animatzera etorrita, oso partida leihatua eta, sarritan, gogorra eta kalitatezkoa ikusi dute. Altzotarrak indartsu ekin diote eta abantaila polita hartu dute hasieran, 9-2, baina poliki-poliki estutzen joan da markagailua. Hamaseina berdinduta iritxi dira azken txanpara. Bi atzelariak lan oso ona egiten ari ziren, jo eta eutsi, eta hala jarraitu dute partida amaitu arte; aurrelariak, berriz, kalekoak eta balekoak tartekatzen ari ziren. Azken txanpan, ordea, Zubeldia izan da balantza Altzo aldera okertzeko zama jarri duena; ezker gantxoa zabalera, dejada zabalera ... Berea izan da azken tantoa, maisuki ezker airez pilota txokoan goxo-goxo txapa gainean utzita. Alzotarrek irabazi dute gaurkoan, baina irabazteko gai zirela erakutsi dute zizurkildarrek.

Jubenil mailakoa etorri da gero. Altzotarrek irabazi dute hau ere, 22 eta 18. Zubeldia-Aizpitarte altzotarrek jokoa atzean pilatzekoa asmoa plazaratu dute, eta halaxe egin dute partida osoa. Alberdi-Arrate zizurkildarrek, berriz, jokoa aurreko koadroetara ekarri eta Alberdiren abilidadea aprobetxatu nahi zuten. Lehen partidan bezala, azkar hartu dute abantaila etxekoek, eta bazirudien nahikoa aisa aterako zutela partida. Ez da horrelakorik gertatu. Zizurkildarrak asentatu dira, Arrate eustera jarri da, etxekoak pilota erraz samarrak huts egin dituzte, Alberdi hasi da asmatzen eta partida asko estutu da. Aurretik izan dira altzotarrak partida osoan, abantaila handiarekin aritu dira bolada batean, baina kosta egin zaie partida errematatzea. Azkenean, kostata bada ere, lortu dute hogeita bigarrena.

Nagusien mailakoan ez da halako lehiarik izan eta aisa irabazi diete Labaka-Arregi zizurkildarrek Murua-Mujika altzotarrei, 22 eta 4. Peru Labaka maila honetako aurrelari onenetakoa da, eta berak erabaki du partida, nagusitasunarekin.

Gauzak honela, jubenilen partidaren aurkezpeneko argazkian bezala, airean dago kanporaketa honetako txanpona. Kadete eta jubenil mailako partidetan erabakiko da, horietan dago eta berdintasun handiena. Zizurkilen, datorren ostiralean 19:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!