Iragarri bezala, Alegian jokatu ziren kadete eta jubenil mailako bi finalak, eta Zegamara joan ziren nagusien mailakoa jokatzea.
Kadetetan, Galarraga-Iruretagoienak 22, Zubeldia-Olanok 16
Partida hasierak baldintzatu zuen azken emaitza. 14-4 irabazten jarri ziren usurbildarrak, eta ezinezkoa izan zen partidari buelta ematea. Handiegia zen zuloa altzotarrak, Iker Zubeldia eta Pello Olano, berea ematen hasi zirenerako; lortu zuten hiru tantotara hurbiltzea, baina ezin izan zuten 22ra iritxi. Bi atzelariak, Olano eta Iruretagoiena nabarmendu ziren.
Jubeniletan, Alberdi-Elizegik 22, Zubeldia-Jauregik 16
Emaitza bera, baina partida desberdina. 11 eta 1 aurretik ibili ziren Zubeldia eta Jauregi, eta baita 13 eta 4 ere. Baina hemendik aurrera zeharo aldatu zen partidako dinamika. Gure pilotariak tantoa non bukatu ez zuten ikusten, eta zizurkildarra eta asteasuarra bere jokoa egiten hasi ziren hutsik egin gabe eta zituzten aukerak ondo baliatuz. Meritu handiko garaipena Alberdi-Elizegik (argazkian sariekin) lortutakoa.
Nagusietan, Suarez-Azurmendik 22, Grostidi-Muruak 20
Hemen ere ezin. Ondo ekin zioten Egoitz eta Aitorrek partidari, eta bizpahiru tanto aurretik ibili ziren abaltzisketarra eta altzotarra hemezortzigarren tantora arte. Hemezortzina berdinduta, baina, kara-kruza bihurtu zen partida eta zegamarren alde erori ziren bukaera arteko tanto gehienak. Aurrelari zegamarra nabarmendu zen, eta honek sortzen zituen amarruei ihes egiten ez asmatzean eon zen gakoa.
Hiru final jokatzea pozgarria izan da. Hiruak galduta ezin pozik egon. Jokoaren gozo-gaziak. Hurrengoan beharko du.