Intxurreko pilotariak, Udaberri Txapelketako hiru finaletan

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2017ko martxoaren 24a

Gipuzkoako Udaberri Txapelketako hiru finaletan izango ditugu gaur, ostirala, Intxurreko pilotariak. Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen du txapelketa hau, Pilota Elkarteekin lankidetzan. Horietako bi, kadete eta jubenilenak, Alegiako frontoian jokatuko dira 19:30etan hasita, bestea, nagusien 3. mailakoa, Zegaman, ordu berean.

Emakumeen pala partidak 18:00etan

Alegiako pilota jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Emakume jubenilen palako Udaberri Txapelketako sailkapen ligaxkako bi partida jokatuko dira: Klaudia Bach eta Maider Agirre altzotarrak Asteasuko Atzapar taldekoak izango dituzte aurkari lehen partidan; bigarrenean, Intxurreko bi bikote lehiatuko dira: Nerea Ormaetxea-Oneka Karrera, alegiarra eta amezketarra hurrenez hurren, eta Irati Iturbe-Lucia Zhang orendaindarrak.

Kadeteen finalean Iker Zubeldia eta Pello Olano

19:30ak aldera hasiko da partida hau lehen mailako kadeteen finala. Iker Zubeldia eta Pello Olano altzotarrek (Intxurre), Albeniz-Iruretagoiena bikote usurbildarra (Pagazpe) izango du aurrez aurre. Partida estua izango da eta, honelakoetan gertazen den bezala, adin hauetan gehiago oraindik, tenpleari hobekien eusten dioenak asko izango du irabazia.

Jubeniletan, Ander Zubeldia eta Ander Jauregi

Kadeteena amaituta, Ander Zubeldia altzotarra eta Ander Jauregi tolosarraren (Intxurre) txanda izango da. Hauek, Alberdi zizurkildarra eta Elizegi asteasuarra (Gazteleku) izango dituzte aurkari. Azken hauek, bikoteko beste bikote bata, Oiarbide-Aizpitarte, gaindituta sartu dira finalera. Bi atzelari oso antzekoak, seguruak eta pilota ondo mugitzen dutenak,  eta bi aurrelari oso desberdinak, Alberdi teknikoagoa eta Zubeldia indartsuagoa, lehiatuko dira. Faboritorik gabeko finala hau ere.

Alegiako Elorri partidan jokatuko dira partida hauek guztiak, eta aukera polita du pilotaz gozatu nahi duen edonork: emakumeak palaz, mutilak eskuz, finalen emozioa ...

Egoitz Gorostidi eta Aitor Murua Zegaman

Alegian hori guztia gertatzen ari den bitartean, Zegaman, 19:30etan, Egoitz Gorostidi abaltzisketarra eta Aitor Murua altzotarrak (Intxurre), nagusien 3. mailako Udaberri Txapelketako finala jokatuko dute. Suarez-Azurmendi bikote zegamarra (Tartaloetxe) izango dute aurkari. Uxer Mozo ikaztegietarra eta Egoitz txanadaka aritu dira jokatzen sailkapen fase osoan; zozketaz erabaki zen -bideoan dokumentatua dago momentua- finala zein aurrelarik jokatu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!