Amaitu da XV. Gabonetako Pilota Topaketa

Ostiralean, abenduaren 30ean, egoki bete zuen XV. Gabonetako Pilota Topaketak bere azken hitzordua Amezketako Larrunarri frontoian; hotza egiten zuen frontoian eta pilotariak arduratu ziren giroa berotzeaz. Azken partidak jokatu ziren lehenik eta gero, agindu bezala, sariak banatu zitzaizkien pilotariei, eta merienda eskaini zitzaien bertaratutako guztiei.

Bost partida jokatu ziren, eta hauek izan ziren emaitzak:

Benjamin-aurrekoak: Uxue Alustiza eta Enaitz Galartzak 4 , Xabat Estevez eta Ator Karrerak 12

Benjaminak: Harkaitz Murua eta Hodei Goikoetxeak 12 , Oier Landa eta Oinatz Goñik 1

Alebinak: Ibiur Etxeberria eta Ander Balerdik 10 , Mikel Olano eta Ugaitz Mujikak 12

Infantilak: Sidihamed Brahim eta Amets Uzkudunek 10 , Unai Altuna eta Iker Muruak 12

Kadeteak: Ioritz Ugartemendia eta Iker Zubeldiak 12 , Eñaut Agirrezabala eta Pello Olanok 9

Betekada ederra hartu zuen Larrunarri frontoiak XV. Gabonetako Pilota Topaketa honen azken ekitaldia gauzatzeko. 16:00tan puntuan eman zitzaien hasiera partidei eta 19:00k aldera amaitu zen ekitaldia. Hotz egiten zuen Larrunarri frontoian, baina pilotariak arduratu ziren giroa berotzeaz. Behin eta berriz jarri zituzten ikusleak txaloka. Partidak amaituta, sari banaketa egin zen -Iñaki Artola eta Jokin Altuna bertan izatekoak ziren baina  ASPACE-ren ekitaldi batera joan beharra izan zuten garai berean- eta partaide guztiek jaso zuten lehen egunean denekin ateratako argazkiarekin egindako egutegia eta gerriko parea (urdina eta gorria); finalistek, noski, sari berezi bana jaso zuten.

Sariak banatuta, merienda goxoa eskaini ziguten Amezketako Guraso Elkartekoek. Eta halaxe, elkarri urte zaharrari amaiera ona eta urte berriari hasiera hobea ematea opaz agurtu genuen aurtengoa, hurrengoaren zain!

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!