Itsaso Aramendi eta Ane Esnaola orendaindarrak txapeldun 30-26 irabazita
Bigarren mailako finala jokatu zen lehenik 20:00tan puntuan hasita. Intxurreko pilotariek Bergarako Murua-Almortza zituzen aurrez aurre. Partidak 55´pasa iraun zuen eta gogorra izan zen, batik bat, atzelarientzat. Oso ondo ekin zioten partidari Itsaso eta Anek eta berehala jarri ziren aurretik markagailuan, eta ez zioten utzi amaiera arte. Partidan zehar 3-4 tanto aurretik joan ziren, baina azken txanpara zazpi tantoko abantailarekin iritsi ziren orendaindarrak (26-19). Baina bergararrarek ez zuten etsi eta hiru tantora hurbiltzera lortu zuten azken aldera (29-26). Txapela bururatzeko behar zen azken tantoa, baina, Intxurrekoentzat izan zen.
Miren eta Maite Larrarte bidaniarrak nagusi 30-19
Lehen mailako partida ere luzea, ordubete iraun zuen, eta gogorra izan zen. Naroa Olano eta Sara Agirre altzotarrek (Intxurre), Miren eta Maite Larrarte bidaniarrak (Su Berri) zituzten aurkari. Azken hauek irabazi zuten 30 eta 19. Partida markagailuak erakusten duena baino parekatuagoa izan zen. Hala islatu zuen lehen hamarkadak, hortik aurrera tantoak maizago erori ziren bidaniarren zakura eta lasaiago jokatzen lagundu zien abantaila hartu zuten, bukaerara arte eutsiko ziotena. Bikote oso konpentsatua osatu zuten bidaniarrek, zulorik gabea. Maite Larrarte atzelariak partida serioa egin zuen, eta ondo zuzendu zuen bere ahizpa gaztearen jokoa, baina Miren Larrarte, laukotean gazteena, lehen urteko kadetea, izan zen lauetan onena. Egia esan, gozatua da neska hau jokatzen ikustea: bi besoekin jokatzen du berdin, jotzen duen guztiari ematen dio norabide egokia, ikuspegi harrigarria dauka eta toki asko betetzen du frontoian, pilota zailenak harrapatzeko erraztasuna du, eta ez dirudi pelota zailik dagoenik beretzat. Harrigarria daukan adinerako! Intxurreko neskak, berriz, dezente hurbildu ziren eman dezaketen mailara, oso partida ona egin zuten, baina ez zen nahikoa izan. Poliki-poliki hobera egiten ari dira eta hori da bidea.
Jende asko hurbildu zen partidak ikustera, pilotarien jokoan ondo erantzun zion ikusminari, eta pilotariek ez zuten animo faltarik izan. Pilota arrats polita bizitu genuen. Zorionak zortzi pilotariei.