Pelotari gehienak bildu eta argazkiak ateratzearekin egin zuen aurkezpena Intxurre pilota eskolak.
Taldeen osaketak, entrenamenduen ordutegiak, funtzionamendu oharrak jaso zituzten, eskuz zein palaz arituko diren neska-mutilek eta dotore jarri ziren kamarara begira.
Guztira berrogeita hemeretzi pelotari izango ditu eskolak, bederatzi talde edo kategorietan banatuta eta horietako bakoitzak gutxienez astean bi egunetan izango ditu entrenamenduak.
Beñat Urretabizkaia, Jexux Murua, Uxer Mozo eta Mari Murua izango dira entrenamenduetako arduradun, eta hiru frontoietan arituko dira, Ikaztegietan, Alegian eta Altzon.
Eskuz eta palaz izango dira entrenamenduak eta ondoren etorriko diren partida eta lehiaketak. Palaz jardungo diren lau taldeak neskenak dira eta guztira hogeita bat jokalari izango dituzte, infantil, kadete, jubenil eta senior mailan. Mutilak, eskuz, alebin bigarren urtea, infantil, kadete, jubenil eta senior mailan ariko dira.
Guztia koordinatzen eta lotzen, arduradun moduan, Jose Luis Zabala. Eta harremanetarako telefono zenbakia: 629409838
Aste honetan bertan emango zaio hasiera Gipuzkoako Elkartearteko Pilota Txapelketari eta lehen partidak ikusteko aukera izango da Elorri frontoian, ostiralean, 18:45etan hasita: Kadeteak, eskuz, Bergararren aurka ariko dira; jubenilak, eskuz, Zazpiturriko amezketarren aurka; nagusiak, eskuz, Tartaloetxeko zegamarren aurka; eta azken partidan, palaz, Aiarren aurka ariko dira neska nagusiak.
Esatekoa da ere, Aratz Irazustabarrena eta Enaitz Aizpitarte Bancoa Credit Agricole txapelketan lehiatuko direla promesa mailan; aste honetan hasiko dira hauek ere.
Zorterik onena guztiei!