Irazustabarrenak txapela ekarri zuen Madalenetatik

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2016ko uztailaren 27a

Ostiralean, Madalena egunean, jokatu ziren Errenterian eskuz binakako finalak. Eta jubenil mailan Intxurre taldeko Aratz Irazustabarrenak jantzi zuen txapela. Oñatiar batekin, Ander Biain, egiten zuen bikote eta 22-17 gailendu ziren Orbegozo-Gaskue bikotearen aurka.

Herriko jaietako egun handia zen Errenterian, eta jende asko inguratu zen finalak ikustera. Aurreko kanporaketetan, finalerdi eta abarretan ere jende dexente ibili da “Agustina Otaola raketista profesionala”  izena duen frontoian.

Jaialdiko lehen partida zen jubenilena eta Aratzek atzetik jokatzen zuen. Partida gogorra izan zen, estua azken tantoak iritsi arte. Eta han, Biain-Irazustabarrena bikotea nagusitu zen. Oso ondo aritu ziren biak. Aratzek dominatu zuen gehienetan atzeko koadroetan eta tanto gehiago egin zituen galdu baino. Hutsegite moduan apuntatzeko bizpahiru falta egin bazituen ere, atzealdean dozena erdi bat tanto behartu zituen, horietako hiru pilota erreboteraino sartuz. Aurrealdean bere lagunak Biainek, partidu bikaina egin zuen, lanean aritu behar zenean lanean eta aukera zegoenean tantoa bukatzera joanda. Bolea izugarria erakutsi zuen, eta horrekin asko lagundu zion, batez ere sakeetan atzelariari. Berari eman zioten finaleko jokalari onenaren saria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!