VI. Alegiako Festetako Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2016ko ekainaren 13a

Ostiralean, ekainak 17, emango zaio hasiera VI. Alegiako Festetako Pilota Txapelketari. Beti bezala, Intxurre Pilota Elkarteak antolatu du Alegiako Udalak babestuta, eta jubenil eta nagusi mailako pilotari onenetako batzuk hartuko dute parte.

2011an antolatu zen lehen aldiz txapelketa hau. Bi mailatan jokatzen da eta bakoitzean antolatzaileek gonbidatutako lau bikotek jokatzen dute; Intxurre PIlota Elkarteko pilotariak beti izaten dira tartean. Eskualdean goi-mailako pilotariak egonik bertakoak izaten dira gehienak, eta hala da aurten ere. Txapelketa laburra izaten da, final-erdiak eta finala. Aurten, jubenil eta nagusi mailako txapelketa antolatzea erabaki da. Hauek izango dira partaideak:

Jubeniletan: Altuna-Aranguren (Alegia-Usurbil); Alberdi-Irazustabarrena (Azpeitia-Alegia); Elola-Murua (Bidania-Altzo); eta Artola-Gaskue (Amezketa-Iruñea).

Nagusietan: Arrieta-Gorrotxategi (Hernani); Eneko Labaka-Telletxea (Albiztur; iazko txapeldunak); Peru Labaka-Erasun (Zizurkil); eta Urbieta-Urretabizkaia (Asteasu-Ikaztegieta). Urretabizkaia atzelari lanetan ariko dela da berrikuntza.

Pilota afizonatua jarraitzen duenak aguro ikusiko du zerrenda horretan daudela maila horietako egungo pilotari gipuzkoar onenak.

Finalak uztailaren 16an jokatuko dira, 18:00etan. Egun honetan profesionalen arteko partida handi bat ere programatuko da, tartean herriko semea, Iñaki Artola. Aurrerago emango dugu horren berri.

Alegiako Elorri frontoian, ostiralean, ekainak 17, gaueko 22:00etan emango zaio hasiera, beraz, edizio berri honi. Elola-Murua eta Artola-Gaskue lehenik; ondoren, Arrieta-Gorrotxategi ariko dira Labaka-Telletxearen aurka.  Faborito garbirik gabeko bi partida dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!