Udaberri saria Arruti-Azpitarterentzat

Erraz, errazegi, gailendu dira Yeray Arruti eta Enaitz Aizpitarte Oiarbide-Alberdiren aurkako partidan; 22-4 irabazi diete eta beraientzat izan da jubenil mailako Udaberri sari nagusia. Bigarren mailakoa Aldalur-Arakistain debarrentzat izan da 22-21 amaitu den partidan.

Yeray Arruti eta Enaitz Aizpitarte erraztasunez

Erraz, errazegi irabazi dute adunarrak eta altzotarrak Udaberri sariko finala. Partida estua espero zen baina ez da halakorik gertatu. Pilota "serioa" jarri dute jokoan eta partida serioa jokatu dute. Enaitz Aizpitartek ez du huts bat bera egin partida osoan, bi eskuekin gozatu du eta oso atzean jarri du pilota, ezkerra izan arren eskuinarekin ere izugarrizko konfiantza erakusten du, eta airean ibili du atzeko koadroetako aurkaria. Yeray Arrutik aukera asko izan ditu baina pazientziarekin jokatu du tantoak landuz arriskatzen hasterako, eta egin duenetan, askotan asmatu du. Alberdi donostiarra ezinean eta Oiarbide gaindituta, 22 eta 4 irabazi dute nagusitasun osoz. Pilota exigentea zen, gehigezkioa ere iruditu zaie batzu-batzuei, baina andoaindarrek beren gustukoa atera dutenean ere ez dute tantoak kateatzerik lortu. Aitzakiarik ez, beraz.

Bigarren mailakoan, emozioa

Bigarren partida, bigarren mailakoa, estuagoa izan da. 21-14 aurreratu dira debarrak, Aldalur-Arakistain; bazirudien partida bukatua zegoela. Baina partidak 22ra izaki, ez dute Maia-Esnaola hondarribiarrek etsi eta 21-21 jarri dira. Tantorik luzeenetakoa izan da azkena, batek huts egin arteko horietako. Debarrek egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!