Arruti-Aizpitarte Udaberri sariaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2016ko martxoaren 17a

Yeray Arruti adunarrak eta Enaitz Aizpitarte altzotarrak Gipuzkoako Udaberri txapelketako jubenil mailako finala jokatuko dute bihar, ostirala, 19:00etan, Alegiako Elorri frontoian. Bigarren mailako finala ere bertan jokatuko da.

Intxurre Pilota Elkarteko jubenilek Udaberri txapelketa ikusgarria jokatu dute. Parte hartu duten lau bikoteetatik hiru final-aurrekoetarako sailkatu ziren. Julen Oiarbide (Alegia) eta Ander Zubeldiak (Altzo) ez zuten lortu Andoaingo Gaztelekuko Oiarbide (Urnieta) eta Alberdi (Donostia) gainditzea; 8-22 galdu zuten Andoainen jokatu zen partidan. Etxekoen arteko finalaurrean Iker Arandiak (Alegia) eta Aitor Muruak (Altzo), biharko finalistak izan zituzten aurkari; Enaitz Aizpitartek Jon Luzuriaga uganearra izan zuen lagun eta 22-18 irabazi zuten berauek nahikoa partida gogorra jokatu eta gero.

Partida lehiatua izatea espero da Oiarbide-Alberdi eta Arruti-Aizpitarteren arteko hau, parekatua. Ez dago faborito garbirik, baina Intxurrekook itxaropentsu gaude gure pilotarien jokoaldia ikusita. Antzeko ezaugarriak dituzte bi aurrelariek: sakalari onak eta golpe bizikoak, atzelaria asko behartzen dutenak. Atzelariei dagokienez, Alberdi donostiarra pilotari zuzena eta segurua da, jotzaile aparta izan gabe "buena" asko egiten duenetakoa. Enaitz Aizpitartek marka dezake aldea, ondo eusten dio piloteoari eta golpe luzeagoa du; adunarrak izango ditu jokoan sartzeko aukerak. Gauzak nahi bezala ateratzen badira Arrutik bigarren aldiz irabaziko du jarraian Udaberri sari hau, iaz kadete mailan irabazi baitzuen Ander Zubeldia altzotarrarekin.

Pilota jaialdia amitzeko jubenil bigarren mailako finala jokatuko da. Kresal usaina izango du. Debarrak eta hondarribiarrak izango dira protagonista.

Zorte onena guztiei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!