Tolosa-Zubeldia Gipuzkoako Txapeldunak paletan

Maite Tolosa amezketarrak eta Irantzu Zubeldia altzotarrak jubenil mailako Gipuzkoako Paleta Txapelketa irabazi zuten atzo Donostiako Atano III.ean. Kirioek ez zieten utzi beren mailarik onena ematen baina halere 30-25 gailendu zitzaizkien Suberriko Larrarte (Bidania-Goiatz) eta Galdosi (Oiartzun).

Tolosaren tenpleak agindu zuen:

Final askotan gertatzen den bezala kirioek beren lana egin zuten eta ez zen bete-beteko partida izan. Lehen zatian bi bikoteek huts gehitxo egin zuten. Maite Tolosa izan zen partiduari eutsi ziona aldi honetan, eta gero ere bera izan zen Larrarterekin batera daukan jokoa gehien hurbildu zena lauetan; Zubeldia eta Galdos, berriz, lotuegiak ikusi genituen, beren jokotik urrun. Partida aurrera joan ala, Irantzu Zubeldia apur bat lasaitu, bere jokora hurbildu eta atzeko koadroetan agintzen hasi zenean, Maite aukera gehiago izaten hasi zen eta tanto mordoxka egin zuen, hormabikoz zein txokoan. Hala 29-19 jarri ziren irabazten. Orduan baina, iazko fantasmak agertu zitzaizkigun -iaz 27-21 eta 29-26 irabazten joan eta galdu egin baitzuten azkenean txapelketa honetako finala- eta aurkariak hurbiltzen hasi zitzaizkigun. Halako batean ezker horman seko arrimatutako pilota bat ezin izan zuen jiratu Larrartek eta halaxe bukatu zen, 30 eta 25: Gipuzkoako Txapeldunak, Maite eta Irantzu. Kontuak kontu txapelketa bikaina jokatu dute hasi eta buka. Zorionak!!

Iker Zubeldiak galdu Añorgan.

Arratsaldeko 17:00etan hasi zen paletako finala Atano III.ean. Ordu berean, Añorgan, Iker Zubeldia ari zen jokatzen, 4an barruko buruz buruko Gipuzkoako Infantil mailako finala, Alberdi azpeitiarraren aurka. Lehen sakea azken honi tokatu zitzaion eta 8-1 irabazi zion jokoa. Bigarren jokoa, sakea bere esku zuela, 8-3 irabazi zuen altzotarrak, Iker Zubeldiak. Joko erabakiorra 4-0 irabazi zue azpeitiarrak. Frontoi zaila da Añorgakoa, labana oso, eta sakea erabakiorra izan zen. Sakea jiratu eta jokatzeko aukera izan zenean, askotan, gehienetan esan behar, altzotarrak agindu zuen eta tanto bikainak egin zituen berezko-berezkoak dituen doainak erakutsiz. Baina sakeak gehiegi baldintzatu zuen partida. Dena dela txapelketa oso ona egin du Ikerrek, bikaina. Zorionak honi ere!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!