Bukatzear da Gipuzkoako txapelketako lehen fasea. Azken partida geratzen zaie, eta erabakigarria da binakako lehen mailako bi taldeentzat. Bere esku dute biak ere finalerdietan sartzea. Bakoitzak bere partida irabaziz gero, biak egongo lirateke bertan.
Partida zailak dituzte hala ere biak ala biak.
Ander Zubeldia, Ander Jauregi eta Iker Arandia daude A multzoan, eta aurrena doan Pagazpe taldearen kontra jokatu beharko dute bihar, ostirala, Alegiako Elorri frontoian. Irabaziz gero finalerdietan dira.
Eta galtzen badute besteek zer egiten dutenaren zain egon beharko dute, litekeena baita norbaitek bigarren postu hori kentzea. Aurkariek ez diete erraza jarriko. Oraindik partidarik galdu ez duen Exposito-Aranguren bikotea izango du kontrario aste honetan Intxurretik jokatuko duenak (Arandia-Jauregi).
B multzoan Gorka Altuna, Yerai Arruti eta Enaitz Aizpitarte ari dira borrokan. Partida bakarra galdu dute orain arte, eta azken jardunaldian bigarren eta hirugarren postuan daudenek jokatuko dute elkarren aurka.
Intxurre Ilunpearen kontra euren etxean, Azpeitian. Alberdi – Odriozolak jokatuko dute alde batetik eta Intxurreko bikotea Altunak eta Aizpitartek osatuko dute. Ostiralean 19:00etan Azpeitiako Frontoi Txikian.
Banaka finalean
Dagoeneko lehen postua ziurtatuta duena banakako txapelketan ari den Aratz Irazustabarrena da. Azken partida geratzen da jokatzeko, baina ez irabazita ere ez luke lehen postu hori galduko eta horrek finalean egotea suposatzen du.
Bigarren eta hirugarren sailkatuen artean jokatutako finalerdiak erabakiko du nor izango den bere aurkari, azaroaren azken asteburuan jokatuko den Gipuzkoako finalean.