Aratz Irazustabarrenak Oñatiko binakako txapelketa irabazi du

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2015eko urriaren 6a

San Migel jaietako XXXIII. Txapelketa jokatu da aurten Oñatin, eta pasa den igande arratsaldez izan ziren finalak. Salegi itziartarra zuen Intxurreko pilotariak bikotekide.

Irazustabarrena eta Salegi 22-10 gailendu zitzaizkien Garate arrasatearrari eta Usandizaga andoaindarrari. Berehala 6-1eko abantaila hartu zuten eta partida guztian aurretik joan ziren irabazleak. Azkenean tarte handiarekin amaitu zuten partida.

Hala ere, tanto gehienak oso borrokatuak izan ziren eta partida nahiko gogorra izan zen norgehiagoka. Azkenean gorrien indarrak eta asmatzeak hogeita bira eraman zituen. Atzelariak, Salegik, tantoa dominatzen zuen eta Aratzek abiadura handia ematen zion pilotari. Min handia egin zuen alegiarrak moztutako pilotekin. Baina era berean asko saiatu behar izan zuen, eta defentsan lan handia egin zuen.

Hiru tanto egin zituen Irazustabarrenak sakez, eta bukatzerakoan dejada politak eta gantxoren bat utzi zituen. Ikusgarriak baita ere aurkariak, Garatek, egindako hiru edo lau gantxo, Biziak eta zehatzak.

Jende mordoxka hurbildu zen Oñatiko Zubikoa pilotalekura eta kontentu atera zen eskainitako partidarekin.

Urte borobila

Aurten salto nabarmena eman du Aratzek. Jubenil mailan Gipuzkoako buruz buruko txapeldunorde, Udaberriko lau t'erdiko txapeldun, Zornotzako Master kaiolan txapeldunorde eta Amezketako Joxan Tolosaren txapelketan frontoi guztian buruz buru txapeldun orde izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!