Pasa den larunbatean jokatu ziren Master Kaiolako finalerdiak Zornotzan. Lau eta erdian buruz buru jokatzen da txapelketa hau, eta pilotari onenek hartzen dute parte bertan. Txapelketa aparta egiten ari zen Aratz eta bere jokoarekiko konfiantza gorantz zihoan. Halere, aurkariaren mailaren jakitun partida oso zaila aurreikusten zen; Etxeberriak, txapelketako faboritoetakoa bera, hala erakutsi zuen azken-laurdenetan Egiguren tolosarrari irabazi zioenean.
Emaitzak, 22-21, berez berez ematen du partidaren estutasunaren berri. Estua ez ezik, aldaketa eta aukera asko izan zituen partida izan zen. Gaizki hasi ziren gauzak Intxurreko pilotariarentzat berehala 0-10 galtzen hasi baitzen, horietako 6 sakez eginak. Baina poliki poliki buelta ematen hasi zitzaion, piloteoan nagusituz, aurkaria frontisetik urruti edukiz eta dejadatan arriskatuz. Horrela 19-13 nagusi jarri zen Irazustabarrena.
Baina etorri zen Huartekoaren buelta ere, hamalaugarrena egin, pilota aldatu eta zuzenean joan zitzaion hogeita batgarreneraino (19-21). Ez zegoen beste biderik finala jokatzeko, eta Intxurrekoak azken hiru tantoak egin behar izan zituen partida aurrera ateratzeko. Emozioa gainezka izan genuen frontoian azken unera arte.
Datorren larunbatean, herria festetan dagoen bitartean, jokatuko dira finalak Zornotzako “Amorebieta IV” pilotalekuan. Petite errioxarra izango du aurkari. ETB ere bertan izango da eta bere laugarren kanalean emango ditu partidak.
Joxean Tolosan, Iker Arandia aurrera:
Iker Arandia alegiarrak jokatu zuen joan den ostiralean Amezketan, kadete mailan. 18 eta 12 irabazi zion Iriarte azpeitiarrari buruz buru ere joka dezakeela erakutsiz. Aurrelari abila izanik, buruz buruko gaurko jokamoldera ondo egokituz, sake-erremateari oso etekin ona atera zion.
Adunako Transernion ere emaitza politak:
Joan den asteburuan hasi zen Trasernio Txapelketa Adunan eta maila guztietan du Intxurrek bere ordezkaritza. Bataz beste, asteburu ona izan da: Otegi-Rojasek benjaminetan, Zubeldia-Olanok infantiletan eta Arruti-Aizpitartek kadeteetan gainditu egin dute lehen kanporaketa beren partidak irabazita. Altuna-Uzkudun alebinak izan dira kanpora geratu direnak Iribarria-Zubizarretaren aurka partida txukuna jokatu eta gero.