Aizpitartek eta Luzuriagak kale, Irazustabarrenak eta Arandiak bale!

Esateko modu bat da. Lau t'erdiko Udaberri Sariako finalak jokatu ziren ostiral-larunbatetan. Enaitz Aizpitarte eta Jon Luzuriagak, biek,17-22 galdu zuten. Aldiz, Aratz Irazustabarrenak 22-16 eta Iker Arandiak 22-12 irabazi zuten. Kale eta bale!

Aizpitartek kale eta Irazustabarrenak bale, Alegian.

Azken aldian gorriak pasarazten ari zaion eskuin besaburuko mina buruan eta ezker-eskua ukituta kantxaratu zen Aizpitarte altzotarra. Erritmoa hartu ezinik eta bere benetako mailatik urruti, oso urruti, aritu zen partidu osoan eta merezimenduz irabazi zion Orbegozo añorgarrak. Zorteak ere ez zion asko lagundu Enaitzi egia esan: bost txapa jo zituen. Aukerako pilotak, erabaki zuzenak, baina behar bezain ondo gauzatu gabeak; zorte txarra esan izan diogu. Kontuak kontu,  tanto gehienak aurkariaren zakura. Kadeteetan, lehen mailako finalean, beraz, kale.

Bestelakoa izan zen Intxurreko pilotariei dagokienez, lehen mailako jubenilen finala. Irazustabarrena alegiarrak Elola bidania-goiztarra zuen aurkaria. Moralez gainezka zetorren hau Salegi zestuarra eliminatuta. Elolak egin zituen gauzarik ikusgarrienak, hiruzpalau ezker gantxo matematikoak, baina sake errestoan eta bote piloteoan larri zebilela antzeman zitzaion. Laister jabetu zen horretaz Aratz. Sakea ondo baliatuz eta piloteoan ezker pareta hartu eta botera jokaraziz ekarri zuen partida bere terrenora; hori eta ederki botatako dejada bat edo beste tartean, ondo irabazi zuen, merezita. Ostegunean izango du Elolak errebantxa hartzeko aukera Zornotzan, elkarren kontra dira-eta hango txapelketan. Jubeniletan, beraz, bale.

Txapelketa bereko nagusien mailako finalak eman zion amaiera jaialdiari. Aranburu beterano errenteriarrak 22-18 irabazi zion Taberna lezoarrari.

Eta kale Jon Luzuriagak, eta bale Iker Arandiak

Ostiralean jokatu zituzten hauek Udaberri Sari honetako beren finalak. Jon Luzariaga uganearrak 17-22 galdu zuen Usurbilen Aranberriren aurka jubeniletako bigarren mailako finala; ligaxkan irabazi egin zion, baina azkenekoan, garrantzitsuenean, galdu. Iker Arandia alegiarrak, berriz, 22-12 irabazi zion Santxez Arevalo legazpiarrari, Legazpian. Egia esan, Ikerrek Gipuzkoa mailako fasean goi-goian egoteko kalitatea du; egun txar batek utzi zuen kanpora. Zorionak halere!

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!