Ez zieten hasiera ona eman partidari. Lehen sakea egokitu zitzaien Intxurreko pilotariei, baina, sakalari bikaina izan arren, gero ondo erakutsiko zuen bezala, falta egin zuen Yerayk. Hala, ziztu bizian joan ziren 0-6raino aurkariak. Lehen tantoa egin orduko, Beñat Urretabizkaia botileroak, partida geratu eta esertzera ekarri zituen: kirioak baretu eta nola jokatu argitzea zen kontua. Bete-betean asmatu zuen. Tanto ilara luzea eta gero, aurretik ziren gureak: 7-6. Komeni zitzaien pilota ere topatu zuten xextoan eta poliki-poliki tanto aldea handitzen joan ziren 22-16 bukatu arte. Lehen sakea falta egin bazuen, azkenekoa tanto egin zuen Yerayk.
Non egon ziren giltzarriak: aurrean kargatzea jokoa (Miguez oso atzelari indartsua da, pilota oso bizi ibiltzen du eta gehienetan oker, ezkerra da eta); sake zailak boleaz kentzea, oso ondo egin zuen Yerayk lan hau; Anderren ziurtasuna atzean eta, aukera zuenean, bazterrera mozteko izan zuen trebezia (5 tanto egin zituen); sakea, 5 tanto egin zituen Yerayk saketik. Eta, nagusiena, hasiera txaarrari buelta emateko gaitasuna. BIKAIN MOTEILEK, MEREZITA IRABAZI DUZUE.
Aurretik beste bi partida jokatu ziren. Kadete 3. mailako finala, Elgarresta-Aldunberri bikote urnietarrak irabazi zuen Etxeberria-Ostolaza getariarren aurka. Kadete 2. mailako finala, berriz, Morales-Plazaola tolosarrek irabazi zieten Tajuelo Gartzia bergararrei. Buelta handia izan zuen partida honek: 10-16 galtzen jarri zien tolosarrak, eta Plazaola partidatik zeharo aterea zegoen. Botileroaren lana (Iraitz Olaetxea lizartzarra), oraingoan ere, oso garrantzitsua izan zen: partida gelditu, kirioak baretu, jokomoldea argitu, eta partidari buelta emateko gai izan ziren.
Zorionak irabazleei eta baita hori lortu ez zutenei ere. Ikusle mordoxka bildu zen Elorri frontoira eta oso giro polita eduki genuen.