Ia-ian, baina txapelik ez

Añorgan 8-22 galdu zuen Aratz Irazustabarrenak ostiralean, eta Tolosan, atzo, 29-30 Maite Tolosak eta Irantzu Zubeldiak. Ezin izan da oraingoan.

 

Atzo Tolosako Beotibarren, partidu ederra jokatu zuten Maite Tolosa eta Irantzu Zubeldiak San Sebastian eta Lakuntzaren aurka. Gipuzkoako Elkartearteko jubenil mailako txapela zegoen jokoan eta benetan partidu gogorra eta ondo jokatua ikusi genuen Beotibarren elkartu ginenak. Jende dexente bildu zen ikustera, 100 bat ikusle izango ginen, bikote bakoitzak bere jarraitzaileak bazituen eta giro ederra jarri zuten, batik bat gureen lagunek: aze burrunda tantoa aldekoa zenean. Polita eta eskertzekoa, benetan! Partidua, egia esan, gogorra, nahikoa ondo jokatua eta emozioz betea izan zen. Bi bikoteek hasiera hasieratik erakutxi zituzten beren ahalak: Ziotzakoek indarra, Lakuntzak sekulakoak ematen dizkio, eta defentsa ona; Intxurrekoek, berriz, joko mugitua eta ausardia, tanto mordoxka egin zituzten aurreko jokaldietan. Jokoa ez ezik, emozio handia izan zuen partidak: Intxurrekoak 26-18 eta 29-26 egon ziren aurretik, baina ez zuten etxi Ziotzakoek eta, agian zorte pittin bat falta izan zitzaigun azken tantoetan, bi biparetako tanto izatekoak pittinagatik joan zitzaizkiolako kanpora Maiteri; Irantzuri ere eskuinean bi baba lehertu zitzaizkion eta deseroso aritu zen azkenaldera, deseroso baina kementsu. Azkenean 30-29 eta txapelak Zizurkilera. Zorionak irabazleei! Maite eta Irantzuri ere zorionak; pena ematen du partidua ia eskuan eduki eta ezin bukatu izanak, baina onenei ere besoa kizkurtzen zaie horrelakoetan. Ikaskizun bat gehiago. Orain, urtea ondo bukatu, eskuak eta animoak sendatu eta berriari ekingo diogu. Bi hitz eta hiru eiagora animatzaileei: eskerrik asko!!!

 

Herenegun, berriz, Añorgan jokatu zuen Aratzek eskuz buruz buruko finala, jubenil mailan. Aizpuru asteasuarra zuen aurkari eta 8-22 galdu zuen. Irabazle juxtua izan zen Aizpuru. Iragartzen genuen bezala pilotari luuuzea da Albizu, pilota urruti jartzen duena bi eskuekin eta mendean eduki zuen gehienean gure mutila. Sake zitala oinarri, piloteoan ia beti mendean eduki zuen Aratz eta, hori, buruz buru, legea da: mendean hartu eta bukatu. Gainera, hasieran, Aratzi ez zitzaizkion ondo atera arriskatutako jokaldiak eta horrek ere baldintzatu zuen bere jokoa. Kontuak kontu, meritua du finalera heltzea eta Aizpurun aurka galtzea ez da harritzekoa, pilotari ikusgarria da eta. Zorionak Aizpururi eta ea Aratzi honek grina pizten dion.

 

Eta bukatzeko asteburuko kronika: Mari Muruak ez zuen lortu Emakume Pilotariko finalerako urratsa ematea. Tolosako Beotibarko jaialdian jokatu zuen, azkeneko partida, eta  galdu egin zuen Ariane Arrietarekin Mendizabal anoetar fenomenoa eta Perez hernaniarren aurka. Txapelketako partidarik eskasena jokatu zuten alde handiz Mari eta Arianek, batik bat Marik: kirioek lotuta, zurrunduta, harnasa hartzea ahaztuta! Maider Mendizabalek ikaragarri jokatzen du, postura eta jokaldi mota guztiak maneiatzen ditu baina, batik bat, lehiaren giltzak, fisikoak zein psikologikoak, maisuki baliatzen ditu; Perezek ere bere lana oso-oso txukun egin zuen eta zulo handirik gabeko bikotea izatea ekarri zuen horrek. Fenomenoa da Maider Mendizabal pala jokoan, noizbait aitortuko ahal zaio behar bezala, eta urteak daramatza mundu mailan goi-goi mailan jokatzen, askotan gailenduz gainera. Normala da, beraz, pilotari gazte hauek dieten errespetua, irabazi nahi badiote noizbait galdu beharko diotena. Mari eta Ariani, duten onena atera eta bien ahalak batzetik, bikotea osatzetik, baletorkiekeen aukerarik, baina ez zuten lortu.  Esandakoa, txapelketako partida txarrena, 21-30 eta Finaletik kanpora. Halere, osotara txapelketa ona egin dute eta horri helduko diogu; atzokoa ez da bere maila. Finalean Mendizabal-Perezeko Ainhoa Garmendia alegiarra eta Maider Huizi hernaniarra izango dituzte aurkari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!