Bai, Yeray Arruti eta Enaitz Aizpitartek Zizurkilgo txapelketako finala jokatuko dute kadete mailan, igandean, goizeko 10:00ean hasiko den pilota jaialdian. Finalaurrekoetan erraz irabazi zieten Egiguren-Iriarte azpeitiarrei (22-5); finala, ordea, gaur-gaurkoz maila horretan osa daitekeen bikote gogorrenetakoaren aurka dute, gogorrena ez bada: Zubizarreta-Aranguren. Hauek irtengo dira faborito dudarik gabe, joko bikaineko bi pilotari dira-eta. Irabazi edo galdu, beren maila onena erakutsi eta ikusleei ikuskizun bikaina eskaintzea da gure pilotarien lehen helburua, beti bezala; hau egiten badute izango dituzte beren aukerak, bai horixe!
Hauezaz gain baina, baditugu beste partida erabakiorrak aste honetan: Gipuzkoako Elkartearteko Txapelketa azken urratsak ematen ari da hainbat mailetan, eta hor dabiltza gure pilotari batzuk. Ostiralean, Amezketan, 20:00etan, Aratz Irazustabarrenak Eskuderoren aurka jokatuko du buruz buruko jubenil mailako finalaurrekoa; talentu handiko pilotaria da Aratz eta, ezbairik gabe, aukerak ditu finalean sartzeko. Ostiralean bertan, bestalde, 21:00etan, Hernanin jokatuko dute bertako Tejedor-Mujika bikotearen aurka Maite Tolosa amezketarrak eta Irantzu Zubeldia altzotarrak, jubenil mailako finalaurrea, palaz. Poliki-poliki hobera egiten ari den bikotea da hau, eta poz handia litzateke finalean sartzea. Animo neskak!
Larunbatean, berriz, Emakume Pilotari Txapelketako ligako azken partidak jokatuko dira. Hor ere gure bi pilotari finalaurrean sartzeko lehiatuko dira, bakoitza bere aldetik: Maialen Senperena abaltziketarra Amaia Araiztegi mallabiarrarekin ari da jokatzen eta Mari Murua altzotarra Ariane Arrieta hernaniarrarekin. Biek dituzte aukerak finalaurretan sartzeko, baina bakoitzak beren partida irabazi egin behar, eta dena esate aldera partida gogorrak dituzte: lehenak Ainhoa Garmendia-Maider Huizi izango dituzte aurrez aurre, eta bigarrenak Goikoetxea-Pagola. Partida zailak biak hala biak. Ikusiko dugu. Hitzordua, Zizurkilen, 15:30etatik aurrera.