Egoera ahulenean daudenei babesa emateko

Erabiltzailearen aurpegia Inmakulada Ikastola 2022ko mai. 24a, 12:49

Hazi eta Ikasi Tolosa proiektua du martxan Tolosako Inmakulada LH Ikastolak baliabide mugatuak dituzten familietako haurrei harrera-gune bat eskaintzeko.

Hazi eta Ikasi Tolosa, boluntario talde bat da, irakasle ohiak, irakasle aktiboak eta ikasleak osatutakoa. Haurrei eta haien familiei zuzenduta dago, eta, bereziki gizartean egoera ahulenean dauden pertsonen etorkizuneko kokapenean. Helburu nagusia haur eta nerabezaroan prestakuntzaren arloan jardutea da, gizarte-osagai argi batekin.

Garapen Jasangarrirako 2030 Euskal agendako 4. helburua ardatza jarraituz, guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea hartu genuen helburu gisa. 2017-2018 ikasturtean jarri zen martxan. Proiektu horretan 8 haurrek, 6 boluntariok eta bi irakasle koordinatzailek parte hartu zuten. Esperientzia oso positiboa izan bazen ere, koordinazio lan handia eskatzen zuen, eta ezin izan genion jarraipenik eman 2021. ikasturtera arte. Ikastolako proiektu estrategikoa izanik, bere berdiseinuan hasi ginen, Donostiako Hazi eta Ikasi proiektuko arduradunen eskuzabaltasunari esker, eta 2021eko uztailean Donostiako Hazi eta Ikasiren delegazio bihurtu ginen.

2021eko maiatzean esperientzia pilotu txiki bat egin zen proiektua balidatzeko eta 2021eko irailean ofizialki proiektua martxan genuen. Astearteetan, 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeekin lan egiten dugu, eskola-orduen ondoren, 17:15-18:45 bitartean. Ume hauek modu pertsonalizatuan gure boluntarioen laguntza jasotzen dute. Bakoitza gehienez 2 edo 3 ikaslerekin aritzen da, hauek animatuz eta bultzatuz, beraien zereginetan laguntzen eta zalantzak argitzen. Horrekin batera, ezin ahaztu, ikasle hauei eskainiko zaien elkarrekintza komunikatiborako testuinguru euskaldunaren garrantzia.

Hazi eta Ikasiren lehentasunezko helburu hauek dira:

  • Baliabide mugatuak dituzten familietako haurrei eskola-ordutegiaren ondoren harrera-gune bat eskaintzea, eguneroko laneko ohitura eta esfortzu gaitasunak garatzeko.

  • Beren ikaskuntza-prozesua hobetzeko banakako arreta behar duten Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako (8-14 urte bitarteko ikasleak) ikasleei eskola-errefortzua eskaintzea

  • Besteekiko harremanetan erantzukizun eta errespetu jarrerak sustatuz, haur eta nerabeen autoestimu maila hobetzea.

  • Familia-harremanak eta aurreikuspenak hobetzen laguntzea, seme-alaben aurrerapen akademikoan eta etorkizun ziurrago batean oinarrituz.

  • Euskalduna den lan eta harreman testuinguru bat eskaintzea.

2021-2022 ikasturtean Tolosako ikastetxe hauekin egin dugu elkarlana: Laskorain ikastola, Orixe institutua, Herrikide ikastetxea, Samaniego eta Uzturpe Ikastola. Guztira 5 ikastetxe eta 25 irakasle/tutore/orientatzaile.

Herrikideko Antxon Iglesiasek dioenez, "Herrikidek trastevere proiektuari esker 12 ikasleri eskaini die eskola laguntza astean behin, baina Hazi eta Ikasi Tolosari esker aukera izan dute astean bitan jasotzeko. Ikasleek Hazi eta Ikasi Tolosaren balorazio oso ona egin dute, asko ikasi eta lan handia egin dute. Oso pozik daude. Nere aldetik ere oso gustura, astero bidali duzuen feedback-ari esker ikasleei segimendua egin diogu".

Proiektuan parte hartu duten 23 boluntarioen hitzetan , “poztasuna, ilusioa, ohorea, maitasuna, gogoa...” etengabe jaso ditugu eta “pertsona bezala heltzen lagundu digun esperientzia da, asko ikasi dugu beraiekin eta beraiengatik....".

Proiektuko koordinatzailea den Amaia Labaien Matxinearen hitzetan , ikasketa izan da proiektua laburbilduko lukeen hitza, eta ikasle boluntarioek testuinguru eta rol aldaketa horretan dituzten trebetasunak azaleratzen dituzte.

Zuei begira jartzean / hartzen gaitu poztasunak / zaretelako eskolan / bizi-poz banderadunak / gizartea aldatzeko / nolako trebetasunak / gogo eta inplikazioa / dira zuen gaitasunak / izan zarete bai haurren / ta gure bidelagunak / gaur eskertu nahi ditugu / zuen guztion jardunak / gu garelako zuekin / hazi eta ikasi dugunak (bis)

(Bertsoaren egilea: Iker Alustiza)

2022ko maiatzaren 31ean, ikasturte amaierako festa antolatu dugu , proiektuan parte hartu duzuen guztiak zoriondu eta errekonozitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!