Iritzia

Asaldura psikologikoa dut

Erabiltzailearen aurpegia Inmakulada Ikastola 2020ko abe. 16a, 11:58

Edonork pasa duen edo pasatzen ari den bizitzako etapa da nerabezaroa, hain polit zein eroa. Ez da soilik haurtzarotik helduarora igarotzea, prozesu luzea baizik, prozesu biopsikosozial bat, hain zuzen ere. Helduen antzera, nerabeek ere osasun mentaleko asaldurak izan ditzakete, esaterako, estresa.

 Estresak, hormonen sisteman eragina du, garapen fisikoa gelditzeraino iritsi liteke hormonen jarioa etetearen ondorioz. Esperimentatzeko gogoak ere aldi honetan hasten dira. Parrandara atera, alkohola edan, tabakoa probatu, eta abar. Ekintza horiek luzera ekar ditzaketen ondorioak burutik pasa ere egin gabe, asaldura psikiatrikoak azaleratzea esaterako.

Bizi garen gizartean osasun mentala bigarren maila batean ikusi ohi dela esango lukete, garrantzi gehiago emanez osasun fisikoari. Baina egungo gizarteak ez dakiena da osasun fisiko on bat edukitzeko, beharrezkoa dela osasun mentala.  

Gaixotasun mentalak gai tabuak dira gizartean, elkarrizketa isileko gaiak. Inguruko norbaitek horrelako gaixotasun bat pairatzen badu, ez dugu beste gaixotasun bat bezala ikusten. Zoritxarrez, noizean behin, eroa hitzarekin kalifikatuz; estigma kalifikatzaileak dira, estigma faltsuak.

Esan beharra dago ere, urteak joan ahala osasun mentaleko asaldurak apurka-apurka normalizatzen joan direla, baina oraindik ere lan handia dago egiteko, ikerketatik hasiz. Nahikoa ez balitz bezala, pandemia berri batek estali gintuen. Hortik aurrera, ez dago beste gaixotasunik munduan. Badirudi, jadanik sendatu direla eskizofreniko, deprimitu eta anorexia pairatzen duten gaixo guztiak, baina zoritxarrez ez da horrela.
Izan ere, COVID-19 birusak ez du osasun fisikoan soilik eragin, osasun mentalean inpaktu handia izan du, izaten ari da eta izango du. Antsietate, depresio eta loaren asaldura izan dira gehien garatzen joan diren sintomak.

Datu horiek kontuan izanda, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola (TILI) eta EASO politekniko parte diren irakasle eta ikasleak lanean hasi dira arazoari aurre egiteko. Elkarlanean, COVID-19ak nerabeen osasun mentalean izan duen eragina ikertzeaz gain, nerabeen osasun mentala hobetu zein mantentzeko tailerrak egin dira. Horrela, lehenengo pausoak ematen hasiak dira. Duela hilabete batzuk, TILIko Osasun Dokumentazioko bigarren mailako ikasleek Tolosaldeko ikastetxeetan osasun mentala neurtzen duten galdetegiak zabaldu zituzten eta emaitzak esku artean dituzte jada. Ondorio oso interesgarriak ateratzeko aukera izan dute, hurrenez hurren, 496 parte hartzaileetatik 99k COVID-19az kutsatuta egon den senideren bat izan dute gertu eta 22k lehenengo pertsonan bizitu dute birusa.

Depresio eta antsietate sintomei dagokienez, parte hartzaileen %34,5ek sintomaren bat eduki dutela esan dute. Nagusiki, nekatuta zein energia gutxirekin sentitzen direla eta baita kezka handia sentitu dutela ere. Galdetegi horien bitartez suizidio arriskua ere neurtu da eta emaitzek partaideen %5,6ak suizidio arrisku den zeinuren bat duela ikusi da, portzentaia txikia dirudien arren, inpaktu handia sortu du ikertzaileen artean. Aipatzeko izanik ere 51 ikaslek ez dutela galdera hori erantzun, eta horrek gaiaren ezkutatzeko jarrera azaleratu du.

Droga eta online jokoen kontsumoari dagokienez, %12,1ek sustantziaren baten kontsumoa areagotu duela adierazi du. Gehienbat alkohola, marihuana eta haxixa. Azkenik %9,48ak laguntza psikologikoaren beharra sumatu du.

Ikerketak bi urteko iraupena izango duela aurreikusten da. Nahi baina luzeago joango den arren, proiektua ematen ari den lehen aleekin gustura daude eta indar handia ematen die lanean buru-belarri jarraitzeko. TILI-ko Osasun Dokumentazio 2.mailako ikasle eta irakasleez gain beste zikloetakoak ere lanean ari dira; Gizarte Integrazioko ikasleek, suizidioa saihesteko tailerrak sortuko dituzte; arretakoek antsietatearen prebentziorako tailerrak landuko dituzte; eta azkenik, erizaintzakoek, loaren asaldura hobetzeko edo honen aurrean zer egin jakiteko tailerrak. Tolosaldeko 13-19 urte bitarteko nerabeei zuzendutako tailerrak izango dira.

Ikasleak gustura daude lortutako emaitzekin, ikerketa gauzatu bitartean osasun mentaleko asaldura asko ezagutu dituzte eta are garrantzitsuagoa dena, horien aurrean nola jokatu ikasi dute. Gizarteak duen armarik indartsuena elkartasuna dela ohartuz, elkar lagundu eta ulertuz. Ikerketa eta aurrerapen gehiagoren zain geratzen dira eta etorkizun batean, baliogarria izango denaren itxaropenarekin.

Inmakulada Lanbide Heziketa ikastola, Osasun Dokumentazioko 2. mailako talde bat

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!