Erakutsiz ikasi

«Menpekotasuna saihestu eta bizi aktiboa sustatzen dugu»

Erabiltzailearen aurpegia

Erakutsiz Ikasi ekimenaren barruan, Inmakulada Ikastetxeko Jaione Quiñones eta Aizpea Ubegun Farmaziako ikasleek Gorka Mutuberria 'Bizitzari Kantua' proiektuko sortzailea jarri dute elkarrizketatuaren paperean. 'Ataria irratia'-k zabaldu dizkie mikrofonoak elkarrizketatu eta elkarrizketatzaileei proiektuaz luze hitz egiteko.

Zahartze aktiboari buruzko proiektua da Bizitzari Kantua. Euskal Herrian zabaldu eta Tolosako Inmakulada Ikastetxeak ere parte hartu du bertan. Ikasleek beraiek «oso esperientzia aberasgarria» bezala definitu dute. «Erosotasun eremutik ateratzeko» baliagarria izan dela azpimarratu nahi izan dute, Gorka Mutuberriak proiektuaren sortzaileak galdera luzatu dien momentuan.

Esplikatuko zenuke zer den 'Bizitzari kantua' proiektua?

Lanbide Heziketako proiektu bat da. Bost urte inguru daramazkigu jarduera fisikoaren bitartez zahartzaro aktiboa sustatzen. Hasieran hainbat urtez informazioa pilatzen egon gara. Gaur egun, osasun arloan aldaketa bat eman da, orain arte gaixotasuna izan da oinarria baina orain funtzionalitatea oso garrantzitsua dela ikusten da. Gauzak honela, proiektu honek funtzionalitatea nola landu bilatzen du, pertsona aktiboak mantentzeko eta zahartze aktiboa aurrera eramateko.

Honela, zentro ezberdineko partaideak elkartu gara. Hau da, Lanbide Heziketako hainbat zentro: Tolosako Inmakulada, Santurtziko San Jose de Calasanz eta Bilboko Harrobia Ikastola proiektua garatu ahal izateko.

Nortzuk gidatu dute 'Bizitzari kantua' proiektua? Nondik sortu da ideia?

Ideia Bilboko Harrobia Ikastolan sortu zen. Ikastolan badugu ziklo bat, jarduera fisiko eta osasunari lotutakoa, lanbide heziketaren barruan eta bertako ikuspegitik beste ziklo batzuetara begira jarri ginen. Beste arlo batzuetako profesionalek ez dutela jarduera fisikoaren inguruan informazio askorik jabetu ginen orduan. Behar bat ikusi genuen eta Tknika-ri Lanbide Heziketako Berrikuntzako Zentroari proiektu bat aurkeztu genion, guk proposatzen genuen berrikuntza aurrera eraman ahal izateko. Ideia sortu eta poliki-poliki beste eragile asko proiektuarekin bat egin dute.

Gaur egun nortzuk osatzen dute proiektua?

Tolosako Inmakulada ikastetxea, Saturtziko San Jose de Calasanz Lanbide Heziketako zentroa, Donostiako Zurriola ikastola, eta azkenik, Harrobia ikastola. Azken honen egitekoa antolatzaile izatea da.

Zein da 'Bizitzari kantua'-ren helburua?

Lanbide Heziketako zentroetan, bai osasun, bai gizarte, bai jarduera fisikoko arloen arteko lana sustatzea, gero gizartean aldaketa bat eragiteko. Eta gizartean sortu nahi dugun aldaketarako funtzionalitatea hirugarren adinean oso garrantzitsua da. Edozein pertsonak gauzak egiteko duen gaitasuna da funtzionalitatea. 'Gauzak' esaterakoan, ekintzarik sinpleena hartzen da kontuan. Adibidez, armairutik zerbait hartzea, edo erosketak egiten ditugunean poltsak eramatea, edo goizean altxatzerakoan arazorik ez izatea, eta abar.

Funtzionalitatea lantzeko, badaude lehenik egin beharreko froga batzuk, pertsona zein egoeran dagoen jakiteko eta ondoren ariketa batzuen bitartez funtzionalitatea delakoa landuko genuke.

Zergatik erabaki da ziklo ezberdineko jendea elkartzea? Eta zeintzuk dira aipatu ziklo horiek?

Behar bat ikusten genuen. Beste zikloetako ikasleak edo irakasleak beti jarduera fisikoaren sustapenean oso baikorrak izan dira, eta beti saiatu izan dira jarduera fisikoa aurrera eramaten. Hala ere, gabezia ere ikusi genuen, askotan gomendioak ematen dira baina ondoren ez da ebaluaziorik egiten, ez da oinarririk izaten, kasu askotan.

Gauzak honela, elkartzea eta guztion artean amankomuneko lan bat egitea adostu zen, proiektua aurrera eraman ahal izateko. Batzuek egindakoa aztertu, besteekin partekatu eta aldi berean guztion artean zer egin dezakegun zehaztu. Azken batean, honek guztiak gizartean eragin bat izan dezan.

Adibidez, momentu honetan Tolosan eta Bilbon bezero ezberdinekin Bizitzari Kantu proiektua aurrera eramaten ari gara, aldaketa hori nola gauzatu dezakegun ikusi ahal izateko. Pertsona horren bizi kalitatea nola hobetu dezakegun ikusi ahal izateko. Lehenengo neurtu, entrenamendu batzuk proposatu eta azkenik zer-nolako aldaketa gertatu den ikusi beharko da.

Ideia ere bada datozen urteetan Lanbide Heziketako beste zentroetan proiektua finkatu ahal izatea, sortzen ari garen esperientziaz baliatuta.

Erraza izan al da lanketa, erraza izan al da horrenbeste ikasle bateratuta lan egitea?

Esperientzia ez da batera erraza izan. Hori egia da. Pasa den egunean horixe bera komentatzen aritu ginen. Baina egia da, aldi berean, oso aberatsa ere izan dela. Esparru bakoitzak bere ikuspuntua du eta guztiok elkartzea eta partekatzea oso interesgarria da.

Honela, ziklo ezberdineko ikasle ezberdinekin aritzea, oso perfil ezberdinekoak izanda gainera, ez da erraza izan baina bai aberasgarria: klasean jarduerak aurrera eramateko oso era ezberdinak ikusi dira. Guztiok ikusi dugu gabeziak genituela eta bata bestearekin elkartzerakoan gabezia horiek bertan behera geratu dira, zati handi batean behintzat. Oraindik badugu lan asko aurrera eramateko baina orain arte egindakoarekin oso pozik gaude. Ea proiektua amaitzen dugunean emaitzek zer esaten duten baina orain arte oso positiboa izan da izan dugun esperientzia.

Aurrera begira, zer jarraipen izango du proiektuak?

Etorkizunean gustatuko litzaiguke Lanbide Heziketan horrelako jarduerak txertatu ahal izatea. Beste zikloetako curriculum-etan ere txertatuko genituzke, proposamena finkatu eta zabaltzeko proposamena luzatuko diegu Lanbide Heziketako zuzendariei. Azken batean, gizartean eragina izatea da helburua. Azkenean horrelako proiektuak pertsonentzat izan behar dira. Pertsonak dira momentu honetan ditugun bezeroak, ikasleak ere badira, etorkizunera begira oso garrantzitsua da. Izan ere, badakigu populazioaren proportzio handi bat 65 urtetik gorakoa izango dela eta gizartean gertatzen ari den aldaketa prozesu horretan, guk gure tanta jarri nahi dugu. Gure laguntza eman nahi dugu etorkizunean gizartea osatzen dugun pertsonen menpekotasuna saihestu eta bizi aktiboa sustatzeko.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!