Erakutsiz ikasi

Osasun programetako pazienteak, farmazian

Erabiltzailearen aurpegia Inmakulada Ikastola 2018ko abe. 24a, 08:07

Gaur egungo farmaziak asko indartu diren eremuak dira. Milaka osasun behar sortzen dira etengabe eta hauei aurre egiteko baliabideak edukitzea beharrezkoa da. Gure lanaren muina, osasun profesional bezala, farmaziara hurbiltzen den edonori entzun eta arreta egokia ematea da.

Farmaziek osasun programa eta zerbitzu ezberdinetan parte hartzen dute; esaterako, Metadonaren Mantenu Programan (MMP) eta Dosifikazio Sistema Pertsonalizatua (DSP) osasun programetan.

Baina, zertarako balio ote du hauetako bakoitzak?

Metadonaren mantenu programa drogodependentzia egoeran dauden pertsonentzat bideratuta dago. Opiazeoen ordezkapen zerbitzua da. Zerbitzu honi esker, pertsona hauen bizitzaren kalitatea hobetzeaz gain, beraien gizarteratze prozesua erraztu egiten da arrisku praktikak saihestea lortuz. Indarrean dauden erabiltzaileak, bizilekutik gertuen daukaten farmazia bulegoan beren kabuz jasotzen dute tratamendua.

Dosifikazio Sistema Pertsonalizatua (DSP) programa, bereziki, egunean sendagai asko hartzen dituzten pertsonentzat bideratuta dago. Farmazian pazientearen eguneroko botika guztiekin astebeterako prestatzen den gailu bat da, non egunaren otordu/une bakoitzean hartu beharreko sendagaiak sailkatzen dituen. Pertsona hauen bizitza asko errazteaz gain, akats asko murrizten ditu eta nahasteak ekiditen ditu. Horrela, pertsona hauek eguneroko tratamendua hartzerako garaian, erosoago eta lasaiago sentitzen dira.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak, osasun programa hauek irakasteaz gain, errealitatera eramateko aukera bikaina eskaini digu. Osasun programa hauek burutzen dituen herriko farmazia bulegoan aritu gara ikasitakoa praktikan jartzen. Gero, ikastolan, gutako bakoitzak farmazian izandako esperientzia azaldu diegu ikaskideei.

Guretzako esperientzia ezin hobea izan da, asko ikasi dugu eta erabiltzaileei eskaini diegun laguntzaz oso harro gaude.

Farmazia eta Parafarmaziako teknikaria zikloa
2. Mailako Mali taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!