Zerbait egin ahal genezake?

Erabiltzailearen aurpegia Inmakulada Ikastola 2018ko mai. 14a, 08:01

Ba al dakizue, ezintasunen bat duten pertsonen %28,6 langabezian geratzen dela naiz eta lanen bat egiteko gai izan? Zerbait egin al genezake honi erantzuna emateko? Galdera hau abiapuntu hartuta hasi ginen Katealegaia Enpresarekin elkarlanean, Inmakulada Ikastolako gure irakasleek eta Katealegaia enpresako ordezkariek hala proposatuta.

Izan ere, Katealegaia enpresak adierazi moduan, beren zenbait langiletan ematen diren endekapen goiztiarrak (fisiko, kognitibo, sentsorioalak…) garaiz hautemateko eta hauei irtenbide bat emateko baliabiderik ez dago gaur egun.

Proiektuaren helburua aurrez aipatutako gizartean dugun behar honi erantzuna emateko tresna edo baliabide konkretu hori sortzea eta balidatzea da. Gure jomuga nagusia, langile hauek izaten duten endekapen goiztiarra ahalik eta azkarren hautematea da, irtenbide bat eman ahal izateko eta honenbestez, beren lanpostua egokitu eta beren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko.

Hainbat lanketa egin dugu hau dena aurrera eramateko, proiektua garatu bitartean izandako zailtasunak pixkanaka eta elkarlanean gaindituz. Irakasle eta Katealegaiko enpresako kideak ere lagun izan ditugu prozesu guztian zehar, garapenean zehar egin beharreko lanak fasetan programatu, antolatu, garatu, zuzendu eta hobetuz ezarritako helburuak lortzeko.

Proiektu honetan hasteak lanketa pertsonal handia eskatu zigun, alde batetik, bertan parte hartzeko kontzeptuak menperatu, arazoa ondo ezagutu eta aztertu ahal izateko eta bestetik kaltetuak ezagutu eta ondoren behar genuen honi konponbidea bilatu ahal izateko.

Egunerokotasunean, gizartean dauden arazoei irtenbidea ematen saiatuz proiektu errealetan parte hartzeko aukera izateak, ikastolan ikasten eta lantzen ari garen gaitasunei aplikazio erreal bat ematea ahalbidetzen digu. Honek lanketa eta inplikazio handia eskatzen digu baina aldi berean, pertsonalki eta etorkizun profesionalari begira asko aberastu gaitu.

 

MALEN LETAMENDIA ETA AINHOA URIEN

OSASUN DOKUMENTAZIOKO IKASLEAK

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!