Aipaturiko gauza guzti hauek oinarrizko behar bezala bihurtu dizkigute eta honekin batera, saldu ere. Hala ere, ez gara konturatzen gauza hauek gabe bizi gaitezkeela.
Bizi eta partaide garen gizarte kapitalista honen oinarrietako bat da kontsumismoa. Enpresa guztiek dute interes ekonomikoa, handiagoa ala txikiagoa, baina denek, baita sozialek ere. Enpresa geroz eta handiagoa izan eta irabazi gehiago eduki, orduan eta garrantzitsuagoa izango da eta esponentzialki zabalduz.
Hainbat marketin kanpaina egiten dituzte urtean zehar: eskolara itzulera, Black friday, Cyber monday, Gabonak, beherapenak, San valentin, aitaren eta amaren eguna... Egun hauetan izugarri bultzatzen da kontsumismoa. Argi dago marketinak zuzeneko eragina duela gugan eta erabat manipulatzen gaituztela dendetara joan eta beharrezkoa ez duguna erosteko. Horrez gain, pentsatzekoa da horrelako egunetan zenbat pertsona egon daitezkeen aldi berean ilera batean itxaroten. Ilera berdina egongo litzateke kausa solidarioa izango balitz? Gaur egungo gizarte honetan, bakoitzak gurean eta ingurukoan bakarrik pentsatzen dugu. Berekoikeria hutsean bizi gara.
Lehen aipatu bezala, enpresek pisu asko dute kapitalismo suntsikor honetan. Baina ezin dugu ahaztu enpresa hauen sostengua gu geu garela. Ez da bidezkoa erru guztia sistemari botatzea, izan ere, aldi berean sistemak gu egiten gaitu eta guk egiten dugu sistema. Ohitura bihurtu da (eta agian beharra ere) merkatura ateratako azken mugikorra erostea edo gurea guztiz izorratuta ez dagoenean berria erostea. Berdina gertatzen da arroparekin edo janariarekin. Behar ez duguna erosten dugu kapritxo moduan. Horrela etxea kapritxoz betetzen dugu, aurki etxeak kapritxoentzat izanik eta ez ordea pertsonentzat.
Horrez gain, bizitza soziala kontsumismoaren isla ere bada. Pintxopote, asteburutako poteoa, zinema, kontzertuak, etxetik kanpoko otorduak, bidaiak… Erraza egiten zaigu kontsumismoa dendetan erosten dugunarekin erlazionatzea baina ez ordea aipaturiko azken gauza hauekin. Horrela erakutsi baitigute. Hau ere manipulazioa izango ote da? Edo ez?
Kontsumismoak esklabo egiten gaitu, baina gure kontsumismoak aldi berean, beste pertsona asko esklabo bihurtzen ditu. Ondorioz, herrialde batzuk aberasten diren heinean, beste herrialde batzuk txirotu egiten dira. Hemen, sekula onartuko ez genituzkeen lan baldintzak, beste herrialde batzuetan inposatuak dira. Horrela, gure kontsumismo gaixoarekin botere harremanak mantenduz eta sustatuz.
Esklabo egitearekin bat dator esplotazioa. Hau hainbat esparrutan ematen da: pertsonak, animalia ez gizakiak eta lurra. Ez dugu nahikoa pertsonak esplotatzearekin bakarrik eta beste espezietako animaliak eta lurra ere esplotatzen ditugu. Arropa, oinetakoak, janaria, teknologia, eraikinak… denak dakar esplotazioren bat atzetik. Beraz, saia gaitezen ahalik eta min gutxien egiten lurra eta honetan bizi diren espezie guztiei.