'Egun osasuntsua' lelopean, hainbat ekintza

Erabiltzailearen aurpegia Inmakulada Ikastola 2017ko maiatzaren 4a

Ostiral honetarako, maiatzak 12, “Egun osasuntsua” lelopean hainbat ekintza antolatu ditugu Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan.

Gure bizi-ohiturek gure osasunean duten garrantziaz jabetzea da helburua. Horretarako, bi bizi-ohituretan jarriko dugu bereziki arreta: elikaduran eta ariketa fisikoan. Izan ere, batetik, azken urteetan elikadurarekin zerikusia duten osasun-arazoak ugaritzen ari dira gizartean eta, bestetik, ariketa fisikoaren onurak ahaztu egiten zaizkigu askotan.

Hori horrela, goizeko 8:00etan Josu Martinez mediku dietalariaren hitzaldia izango dugu. Bertan, eguna ondo hasteko gosarian hartu beharreko jaki egokiak zein diren azalduko digu eta, ondoren, inori zalantzarik gera ez dakion, denok elkarrekin gosalduko dugu.

Gosariaren digestioa egin ondoren, gorputza mugitzeko aukera izango da 11:30etan lehenik, Mila García-Iturrospe Zumba irakaslearen eskutik eramango gaituen Zumba Maratoiean eta ondoren, 12:30ean jokatuko dugun futbito txapelketan.

ATE IREKIAK, LARUNBATEAN

Bestetik, ate irekietako jardunaldia antolatu dugula jakinarazteko ere idazten dugu. Gure ikastetxera gerturatu nahi duenak, aukera izango du larunbatean, maiatzak 6, goizeko 11:00etatik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!