Mundua gelditu zait

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2019ko martxoaren 8a

Laugarren aldia da testu hau idazteari ekiten diodala. Ez da zer idatzi ez dakidalako; esan beharreko hori nola adierazi ez jakiteak gelditzen nau. Martxoaren 8a da gaur, eta bai, mundua gelditu da. Kaleak oihartzun morez josi dira, bizitza erdigunera ekartzeko aldarria defendatuz.

Gainera, betiko horiek deseroso sentitzea lortu da. Pertsonalki, greba honek eztabaida eta autokritikarako eremu zabal bat eskaini dit, ondorio garbi batera iritsiz: gaur mundua gelditu zait.

Ama eta arreba izan ditut, azken 11 urteetan, jokabide eredu eta ardatz. Familia tradizionaletik kanpo dagoen eredu batean hezita ere, gure arteko zaintza edo eguneroko lan kargaren gehiengoa beraiek eraman dute aurrera. Nire ahalegina ezin da, inola ere euren ekite jarraituarekin konparatu.

Nahiz eta aspaldian konturatuta nenbilen zaintza eta, oro har, familia, espazio komunean antolatzea beharrezkoa dela, beraien plantoak, oraindik, nire egunerokoa gelditzea dakar. Gaurkoa bezalako egunetan, beraz, mundua gelditzen zait.

Autokritikak soilik ez, zalantzek eta eztabaidek ere markatu dute, egun honetara iritsi arteko ibilbidea. Inoiz baino gehiago aritu gara gaiari buruz hizketan, askotan ezjakintasunagatik deseroso sentituz. Eztabaida horietako askok pentsatzen dudana indartu eta zalantzan jarri dute, aldi berean, ikasketa prozesua gorabeheraz apainduz. Munduak gelditzea lortu edo ez, prozesu hau izango da aldaketara eramango gaituena, inolako zalantzarik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!