Kirolaldia

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2018ko abenduaren 16a

Euskaraldia aprobetxatuz Galtzaundi euskara taldeak, 2018an martxan jarritako Tolosako kirol entitateen euskararen erabilerari buruzko ikerketaren datuak eskaini zituen.

Herriko kirol kluben ohiko funtzionamendu eta entrenamenduetako jardunaren datuak bildu ditu ikerketa honek, zalantza eta sorpresa ugari sortu zizkidanak.

Lehen ezustekoa, bilerara deituta zeuden ia hogei kirol entitateetatik hiru bakarrik azaldu zirela ikustea. Ordutegi arazoengatik izango zela pentsatu nahi nuen, baina buruak ezetz esaten zidan; gai honek horren interes gutxi sortzen al du? Bigarren sorpresa, Tolosako kirol jardunean euskararen erabilerak %80tik gora markatu duela.

Pozteko berria da inolaz ere, baina datua entzun bezain laster zalantzek itzala egin zioten %80ari. Zein garratza den horrelako berri pozgarriekin ezin gozatzea. Ez ditut kirol talde guztiak ezagutzen, baina gertu ditudanak eta kasualitatez jende gehien mugitzen dituztenak, ez direla datu horietara iristen uste dut.

Hezitzaile moduan aritzen diren askok ez dute euskara erabiltzen ez kantxan ez kantxatik kanpo, eta eredu diren horiek ez badute euskaraz egiten jai daukagu. Egia da, hala ere, klub askok oinarrizko balio bezala dutela euskaraz aritzea, baina egunerokoan norbanakoak hartzen dituen hizkuntza ohiturei ez zaie behar adina balio ematen, kirola ezagutzen ari diren gazteek kirol erdalduna barneratzen dutelarik.

Zalantzak eta ezustekoak alde batera, hobe izango dugu berri pozgarriekin gelditzea: Tolosako kirol kantxetan euskararen erabilera kalekoa baina handiagoa da. Aisialdian izan ohi ditugun hizkuntza hautuek, beste edozein arlotan izaten ditugunak baina garrantzia handiagoa izaten omen dute. Ez gaude kexatzeko moduan. Zorionak beraz euskaraz disfrutatu eta izerditzen duten guztiei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!